Elkartasunak ez du etenik Ondarroan
Palestinarekin Elkartasuna eguna antolatu dute gaur [zapatua] Ondarroan. 19:00etan hasiko da mobilizazioa, Alamedatik.

Eguraldiak ez du elkartasuna eten Ondarroan. Izan ere, euriarengatik, Alamedan egin behar zuten egitaraua Zaldupe Eskolako jolastokira lekualdatu dute Palestinarekin Elkartasuna ekimeneko antolatzaileek. Bertan batu dira 11:00etan, egun guztiko egitarauari hasiera emateko helburuagaz. Palestinari elkartasuna adierazteaz gain, gatazka lehen lerrora ekarri dute gaurko egunean, eztabaidarako eta hausnarketarako espazioari lekua emanez.
12:00etan Palestina eta kolonizazio sionista: konplizitateak eta borroka hitzaldiari ekin diote, eta bitartean, Palestinaren auziari buruzko murala margotu dute herriko artistek. Gainera, egun guztian zehar, Palestina eta Israelen auziaren inguruko denbora lerroa egongo da ikusgai nahi duenarentzat, gunean bertan.
Ostean, mahaiaren bueltan batu dira bertaratu direnak, eta Alexander Idoeta eta Aitor Zubikai bertsolarien eskutik, bertso bazkariagaz gozatzeko aukera izan dute. Bazkalostean, Olatz eta Aiza bikote ondarrutarrak kontzertua eskainiko du, eta 19:00etan, mobilizazioan batuko dira guztiak. Nahiz eta egitaraua Zaldupe Eskolako jolastokira lekualdatu duten, mobilizazioa Alamedatik hasiko dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta bertara batzeko deia egin diete herritarrei.



























