Martxoaren 29an egingo dute III. zesta jaialdi solidarioa
Bildutako dirua Leuzemiaren aurkako Josep Carreras Fundazioarentzako bideratuko dute.

Berritxuko Zesta Eskolak antolatuta, haurren leuzemiaren kontrako III. Zesta-Punta Jaialdi Solidarioa egingo dute zapatuan 15:00etatik aurrera Berriatuko Mendibarren frontoian. Batzen duten diru guztia Josep Carreras Fundazioarentzako izango da. Haurrentzako sarrerek 5 euro balio dute eta nagusientzako 10 euro. Antolatzaileek herritarrei ekimenean parte hartzeko dei egin diete.
2023an antolatu zuten azken aldiz, eta hasieratik bi urterik behin antolatzeko ideia azaldu zutenez, aurten errepikatuko dute. Ager ume berriatuarraren omenez egindako jaialdia da, lehendabizikoa 2020an egin zuten eta ordutik “harrera bikaina” izan du. Lehen biak Aspanovas elkartearentzat izan zen bildutako diru guztia eta aurten aldatu egin dute. “Beste barik egindako aldaketa da. Agerri medula aurkitu zion elkartea izan zen Josep Carreras Fundazioa eta ondo ikusi genuen aurtengo dirua haiei bideratzea”.
Horrez gain, berritasun modura, I. Ager Saria jokatuko dute. Goizean jokatutako haurren kinielen artean finalak jokatuko dituzte kategoria bakoitzean eta irabazleek sari bat jasoko dute. “Bestelako zerbait antolatu nahi genuen aurten eta txapelketa antzeko bat egitea pentsatu genuen betiere Agerren izenagaz, bere izena inoiz ez ahazteko, gure barnean eramateko”. Iaz umeen kinielak sartu zituzten eta aurten bestelako zerbait sartu nahi izan dute.
Mantentzen dutena profesionalen partida da, 20:15ean hastea aurreikusten dute. Gainera, puntista handiak erakarriko dituzte Mendibarren frontoira. Alde batetik, Aritz Erkiaga eta Ortzi Aldazabal Argoitia II, hau da, aurtengo Berriatuko Masters Seriesko bikote txapelduna. Beste alde batetik, Eñaut Urreisti eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak ariko dira. Winter Seriesen arreta deitu duten puntista nagusienetako bi, haien gaztetasunaren gainetik kalitatea erakutsi baitute.
Baina dena ez da zesta-punta izango, ezta gutxiago ere. Aurreko bi jaialdietan bezala herriko eskolako umeek ikuskizun bat prestatzen ari dira, non Agerren klasekoak izango diren protagonista, 18:45etik aurrera. Gimnasia erritmikako talde batek ere emankizun labur bat eskainiko du bertaratzen diren guztien gozamenerako.
Jaialdi guztian zehar zozketak egingo dituzte herriko denda eta elkarte desberdinek emandako produktuekin. “Oso eskertuta gaude herritarrek erakutsitako laguntasunagaz, bakoitzak ahal eta nahi duena ematen du guk zozketatu eta dirua ateratzeko fundazioarentzat”.
Gainera, ohiko paperezko sarreretatik kanpo, Berriatuko ikastetxean pultserak prestatzen ari dira sarrera modura, haurrentzako batzuk eta nagusientzako beste batzuk. “Eguerdietan ari dira pultserak prestatzen eta haien konpromisoa eta laguntasuna erakusten ari dira”, esan dute.