20 bazkidetik gora elkartu dira Beti Jairen batzar orokorrean
Zuzendaritza Batzordea berritzeaz gain, 2025ean egiteko asmoa duten ekintzen inguruan aritu dira.

Joan den zapatuan [martxoak 22] elkartu ziren Markina-Xemeingo Beti Jai jubiltuen elkarteko kideak urteko batzarra egiteko. Zuzendaritza Batzordeko zazpi kideez gain, beste hamasei bazkide bertaratu ziren batzarrera. Hala, aldaketa bakar bat egongo da Zuzendaritza Batzordean: kide batek batzordea utziko du eta beste bat batuko da.
Gainontzekoari dagokionez, ostera, “hobetu nahian” ari direla adierazi dute: “Ez da erraza aurrera egitea, baina saiatzen ari gara. Herritarrei elkarteko bazkide izan eta gurekin elkarlanean aritzera deitu nahi diegu”. Izan ere, gogorarazi dute elkarlanik gabe ezinezkoa dela elkartea eta jarduerak aurrera ateratzea.
Euren gogo, ilusio eta asmoak elkarbanatu, eta hainbat ekintza antolatzen dituzte urte guztian. Hala, 2025eko ekintzei dagokienez ere, hamaika jarduera egiteko asmoa erakutsi dute. Gaur [martxoak 25] esaterako, Tolosara egin dute irteera. Atzo [martxoak 24], ostera, Mikele Sotil etxebarritarragaz sormen tailerra egin zuten 11 kidek. “Oso pozik” geratu dira tailerrarekin, eta beste txanda bat egitea erabaki dute. Hori horrela, sormen tailerrean parte hartu nahi dutenek datozen bi astelehenetan, martxoaren 31n eta apirilaren 7an, edukiko dute horretarako aukera, 16:00etatik 18:00etara, Beti Jain; bazkideek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta ez bazkideek, 8 euro.