Euskaraldiak badu hamaikakoa Lekeition
Euskaraldiaren enbaxadore izango diren lekeitiarrak aurkeztu dituzte. Pentsiodun, gazte, kirolari, zerbitzari, erizain nahiz bestelakoak dira Lekeitioko hamaikakoaren parte.

Euskaraldiaren enbaxadore izango diren hamaikako sortak ugariak dira jada Euskal Herrian. Ahobizi eta belarriprestekin batera, Euskaraldia bultzatu eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko diete euren ingurukoei. Hala, Lekeition joan den zapatuan [martxoak 22] egin zuten herriko hamaikakoaren aurkezpena.
Herriko Euskaraldiko lan taldeak deituta udaletxe aurrean elkartu behar ziren arren, euriaren eraginez elizapean elkartu ziren. Hala ere, herritarrek ez zuten hutsik egin: “Egitaraua xumea zen arren, aurkezpenera jendea etorri zen. Erantzun ona izan zuen, eta nahiko perfil desberdinetako herritarrak etorri ziren. Ondo atera zen aurkezpena”.
Euskalgintzan, kirolean, kulturan nahiz bestelako hainbat alorretan ezagunak direnekin osatu dute Lekeitioko hamaikakoa, genero, adin, lurralde eta ikas eta lan esparru anitza dutenak: “Saiatu gara adin desberdineko herritarrak aukeratzen, eta 16 urtetik hasi eta jubilatuetara bitarteko perfilak ditugu. Horren barruan saiatu gara kirola, kultura eta bestelako arloetan aritzen direnak izan daitezen. Aukeratutakoek euskararekiko konpromisoa daukate hartuta herrian, eta batzuk etorkinak izan arren, saiatzen dira euren esparruan euskaraz egiten”. Honakoek osatzen dute Lekeitioko hamaikakoa: Aura Garcia (euskara ikasten ari den zerbitzaria), Eukene Elordieta (farmazialaria eta talde feministako kidea), Kontxi Altzibar (pentsioduna eta Lagunkoiako kidea), Gora Diatta (gaztea), Paule Garcia de Andoin (triatleta), Xabier Erkiaga (futbol taldeko koordinatzailea), Ane Maruri (dantzaria), Jokin Gabiola (musikaria), Olatz Zumaran (erizaina), Olatz Martiartu (Tximista Atletismo taldeko kirolaria) eta Asier Uskola (dantzaria).
Hamaikakoaren aurkezpenagaz batera herri argazkia ateratzeko tartea ere hartu zuten, eta baita izen emateak eskuz egiteko tartea ere. Herritar denei parte hartzera bultzatu nahi izan diete: “Lan talde bat ari gara aurtengo Euskaraldia bultzatzen, eta batez ere, Dzast Euskara Taldea dabil hor buru-belarri. Jendeari parte hartzera animatu nahi diogu, eta izen emateak ahalik eta arinen egitera”. Hori horrela, presentzialki izena eman nahi dutenentzako hainbat egun eta toki zehaztu dituzte (ordutegiak aurrerago zehaztuko dituzte): apirilaren 4an herriko ikastetxeetako atarietan egongo dira, 13an, udaletxe aurrean eta 27an gune ibiltaria egingo dute; maiatzaren 4an, ostera, Eskolapean egongo dira eta 11n, udaletxe aurrean.