Gipuzkoako Selekzioa ordezkatu du Sagarmendik GRABNI txapelketan
Bizkaiko Selekzioaren aurka jokatu zuen Eneko Sagarmendik GRABNI txapelketako bigarren jardunaldia, Joseba Altuna oriotarrarekin.

Matxoaren 16an ekin zioten Federazioen arteko GRABNI txapelketari, eta joan den asteburuan [martxoak 23] bigarren jardunaldia jokatu zuten Basauriko Artunduaga pilotalekuan. Txapelketa honetan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak dabiltza lehian, baita, Errioxakoak ere.
Gipuzkoako Selekzioa ordezkatzeaz arduratu zen Eneko Sagarmendi bigarren jardunaldian, Joseba Altuna oriotarrarekin batera, eta 25-6ko markagailuarekin gailendu ziren, Iker Pascual eta Roberto de la Iglesia bizkaitarren aurka. “Oso partida ona egin dugu Altunak eta biok, eta nahiz eta beraien maila ona izan, markagailuan aurretik joatea lortu dugu. Huts batzuk ere egin ditugu, baina orokorrean tanto politak sartu ditugu”. Sagarmendik azpimarratu duenez, “oso gustura” jokatu du Altunarekin: “Plazera izan da Joseba Altuna oriotarrarekin jokatzea”.