Ikaslea eta irakaslea, txapeldun
Helena Barrenetxea durangarrak eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak III. Euskotren Winter Seriesa irabazi dute, finalean Elaia Gogenola berriatuarra eta Oaia Otaño mutrikuarra menpean hartuta. Gizonezkoen Banakako Seriesa Aritz Erkiaga ispastertarrarentzat izan da, Johan Sorozabal miarriztarrari gailendu ondoren.

Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik emakumezkoen zesta-punta txapelketarik handienaren txapela jantzi zuten atzo [martxoak 24]. Durangoko Ezkurdi pilotalekuak III. Euskotren Winter Seriesaren final handia hartu zuen, eta puntistek ez zuten inondik inora hutsik egin. Barrenetxeak, etxeko izarrak, eta txapelketa sobera ezagutzen duen Lejardik Elaia Gogenola berriatuarra eta Oaia Otaño mutrikuarra eduki zituzten aurrez aurre azken neurketan, biak ala biak lehiaketa erregularra eta goi mailako egin duten pilotariak.
Lehen setaren hasieratik, partidan bete-betean sartuta abiatu ziren durangarra eta markina-xemeindarra. Jarrera apartarekin eta maila handian, lehen setean nagusitasuna bistaratu zuen Barrenetxearen eta Lejardiren jokoak. Lehendabizikoak etxeko jarraitzaileen aurrean txapela jantzi asmoz jokatu zuen; bigarrenak iazko txapeldunorde postua hobetzeko asmoa plazaratu zuen. Lehenengo tantoan abantaila hartu zutenez geroztik, markagailuan aurretik aritu zen bikote marroia.
Aipagarria izan zen Barrenetxeak erakutsitako ekina: hainbat erremate eder oparitu zizkien bere herrikideei. Atzealdeko koadroetan, ostera, Lejardik beste behin egungo atzelaririk fidagarrienetako eta seguruenetako bat dela frogatu zuen; pilotakada gaitzak eroan zituen, hutsegite oso gutxirekin eta bere aurrelariari interesatzen zitzaizkion abaguneak ahalbidetuz. Gogenolak eta Otañok, beren aldetik, presio gutxiagorekin ekin zioten lehiari, baina ezer gutxi egiterik eduki zuten, arerioen ageriko nagusitasunaren aurrean. Lehen setean, garaipen argi eta garbia patrikaratu zuten Durangoko eta Markina-Xemeingo pilotariek: 15 eta 8.
Ezertarako aukerarik ez.
Lehen setean jasotako emaitzak berriatuarraren eta mutrikuarraren jokoan eragina izan zuen, eta bigarrenean orain arte erakutsitako mailatik behera aritu ziren. Gogenolak eta Otañok ia ez zuten aukerarik eduki bigarren setean. Gogor saiatuta ere, hala jokoaren agintea, nola tantoen noranzkoa uneoro marroien aldekoa izan zen; bikote horiak, hain zuzen ere, lau tanto besterik ezin izan zituen biribildu. Azkenean, 2 eta 0ekoa lortu zuten Barrenetxeak eta Lejardik, bigarren setean 15 eta 4koa eskuratuta. Durangarrak, gainera, txapelketako puntistarik onenaren saria ere jaso zuen. Etxeko ikusleen aurrean, beraz, sari bikoitza lortu zuen Barrenetxeak.
Gizonezkoen Banakako Seriesean. Aritz Erkiaga ispastertarrak lanak izan zituen, Johan Sorozabal miarriztarrari aurre egin ahal izateko. Sorozabal, iazko garailea, banakako lehian egungo puntistarik abilenetakoa da, are gehiago, Ezkurdi moduko kantxa labur, bizkor eta esplosibo bat tartean izanik. Lehen setean, beteranoak bere legea ezarri zuen, 8 eta 12 nagusituz. Edozelan ere, Sorozabal partiduan sartuta ibili zen, eta haren erakusle bigarren setean gertaturikoa: markagailu berberari buelta emanda, miarriztar gaztea gailendu zen. Finala, horrenbestez, hirugarren setean erabakiko zen.

Lejardi, ezkerrean; Barrenetxea, eskuman. Argazkia: Eraman Jai Alai.
Berdinketa hausteak gutxi eduki zuen emoziotik: Erkiaga nahieran aritu zen kantxan, gura modura jokatu zuen, eta Sorozabalek ezin izan zion markagailuari tanto bakarra urratu. Ispastertarrak 0 eta 5 irabazita jantzi zuen txapela. Xabier Barandikaren aurka galduta iritsi da Erkiaga finalera, gernika-lumotarraren belauneko lesioa tarteko. Edozelan ere, maila handiko norgehiagoka jokatu zuen beste behin, eta garaipena merezimendu osoz jaso.
Arai Lejardi: “Material biziarekin eroso ibili gara, eta bikain moldatu da interesatzen zitzaigun jokora”
Lan onaren uzta.
Erkiaga, egun, Durangoko zesta-punta eskolako monitorea da, eta Barrenetxea bera da gidatzen duen taldeko apopiloetako bat. Txapelak, beraz, alde bietatik ondo eginiko beharraren erakusle dira. Bai ikaslea, bai irakaslea oso pozarren agertu ziren bakoitzaren finaletako lorpenengatik.

Sorozabal, ezkerrean; Erkiaga, eskuman. Argazkia: Eraman Jai Alai.
Durangarrak lehen setaren garaipenak emandako “konfiantza” azpimarratu zuen: “Urduri kantxaratu arren, emaitzak lagun izateak lasaitasun handia eman dit, eta partidua beste modu batera planteatu ahal izan dut. Apurka-apurka, agertoki esanguratsuetan, telebistarekin eta ikusle askoren aurrean jokatzen ohitzen ari naiz eta, beharbada, Oaiak presio hori nabaritu du, bere lehen final handia baitzen”. Lejardik material egokia hautatzearen garrantzia nabarmendu zuen, partiduaren hondarrean: “Pilota perfektua ez da existitzen, baina material biziarekin eroso ibili gara, eta bikain moldatu da interesatzen zitzaigun jokora”. Hainbeste ikusleren aurrean gailentzea “oso pozgarria eta berezia” dela adierazita, frontoian kontzentrazioari eustea eta urduri ez jartzea “giltzarri” izan zela azaldu zuen markina-xemeindarrak.
Aritz Erkiaga: “Johanek ia dena alde zuen: frontoi mota, gaztetasuna, garaiera, indarra eta abiadura. Nik eskarmentua probestu dut, batez ere, sakeetan”
Ispastertarra sakearen esanguraz mintzatu zen: “Sake-errestoa gako izan da. Berez, Johanek ia dena alde zuen: frontoi mota, gaztetasuna, garaiera, indarra eta abiadura. Nik, neure aldetik, eskarmentua probestu dut, batez ere, hirugarren seteko sakeetan; azkenean, estrategia ondo atera da, eta txapela lortu ahal izan dut”.
































