"Oso ondo" joan dira Emakumezkoen II. Pala Topaketak
Guztira 24 emakume palista batu ziren domekan Mutrikuko Egaña frontoian. Iratxe eta Maite Barruetabeña ahizpek irabazi zuten finala.

Deba, Hernani, Zizurkil, Durango, Zumaia, Azkoitia, Zornotza eta Mutrikuko 24 emakume palista batu ziren domekan [martxoak 23] Emakumezkoen II. Pala Topaketetan, Mutrikun. 19 urtetik hasi eta 65 urtera arteko emakumeen bilgune izan zen Egaña frontoia, eta antolatzaileek adierazi dutenez “oso ondo” joan zen eguna.
Egun osoan zehar aritu ziren palan. Ligaxka bat egin zuten, eta arratsaldean finalerdiak eta finala jokatu zuten. Hala, Iratxe eta Maite Barruetabeña ahizpa mutrikuarrak gailendu ziren: “Ez ziren bikote izan hasieratik, baina arratsaldean jende gutxiago geundenez, berriro antolaketa egin eta bi ahizpek irabazi zuten”. Antolatzaileek adierazi bezala, herriko jendea ere bertaratu zen frontoira, baita Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkatea ere: “Eskerrak eman nahi dizkiogu Mutrikuko Udalari, Egaña frontoiaren proiektua aurrera eramatearren, eta topaketak antolatzeko orduan emandako laguntzagatik”.
Egun guztia frontoian igaro ondoren, “oso pozik” agertu dira emakume palistak, eta parte hartzaileek topaketak antolatzen jarraitzeko eskaera egin zieten antolatzaileei: “Oso pozik gaude topaketekin, eta gure helburua, urtero mantentzea ez ezik, urtean birritan egitea izango litzateke. Hau da, 2025. urtea amaitu aurretik beste topaketa batzuk egitea gustatuko litzaiguke. Horrez gain, datorren urtera begira emakume palisten txapelketa berreskuratu nahi dugu; izan ere, Muruaitz frontoiko ordutegiaren eta Covid-19aren ondorioz, bertan behera utzi genuen, baina 2026ko helburua, txapelkera berreskuratzea izango da. Izan ere, emakume paliston helburua herri desberdinetako emakumeak ezagutu, eta herrian emakumeen pala bultzatzea da. Beraz, bide horretatik, lanean jarraituko dugu”.

Emakumezkoen II. Pala Topaketak.