Ispaster Green Series Haurren Astea antolatu dute
Mini Green Series probako bigarren lasterketa hartuko du herriak eta horren inguruan hainbat ekintza antolatu dituzte eguaztenetik [martxoak 26] aurrera.
Ispaster tradizioz mendi bizikletagaz oso lotuta izan da. 25 urtetan ziklo kross lasterketak antolatu zituen herriko Ipargorri txirrindulari elkarteak. Iaz hamar urteren ostean ostera ere antolatu zuten eta aurten besteko maila batekin mantendu nahi izan dute. Basokoetxe industriagune ondoko basoko zirkuituak Mini Green Series txapelketako bigarren lasterketa hartuko du zapatuan [martxoak 29] eta nagusien Green Series Nazioarteko txapelketako lasterketa domekan [martxoak 30].
Baina hori gutxi ez, eta mendi bizikletaren inguruko Haurren Astea antolatu dute Ipargorrikoek berritasun modura. Hain zuzen ere, haurren kategoria desberdinetan ariko direlako asteburuan. Kimu, haur eta infantil mailetan ariko dira txirrindulari gazteak Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak antolatutako lehiaketan. Gogoratu dute zapatuko [martxoak 29] proban parte hartzeko, beharrezkoa izango dela eskola lizentzia izatea.
Ispasterko Udalagaz elkarlanean Ipargorrikoek eguaztenean [martxoak 26] emango diote hasiera Haurren Asteko egitarauari. Hastapenerako txirrindulari txikientzako ginkana prestatuko dute 17:00etatik 19:00etara herriko plazan. “Aukera ona izango da zurezko oztopoen gainean bizikletarekin trebetasuna praktikatzeko”, adierazi dute antolatzaileek. Federazioko Montse eta Iñigo langile teknikoek gidatuko dute saioa.
Barikuan [martxoak 28] beste pauso bat emango dute eta adin guztietako gazteek 17:00etatik 19:00etara saio praktiko bat egiteko aukera izango dute Ispasterko zirkuituan. Hau da, zapatuan txirrindulariak ariko diren ibilbide bera egiteko aukera izango dute. Ipargorritik gogoratu dute jarduera guztietan parte hartzeko mountain bike bat eta kaskoa eraman beharko direla.