Ikastolako janari soberakinak doan hartu ahalko dituzte lekeitiarrek
Lekeitioko Azkue Natura Ikastolak Rexcatering egitasmoagaz bat egin du Zerbikas proiektuaren barruan. Hala, Aste Santuen ostean hozkailu makina bat ipiniko dute herrian, ikastolako jantokiko soberakinak herritarrek hartu ditzaten. Aurrera begira, herriko gainontzeko ikastetxeak ere proiektura batzeko beharra azpimarratu dute.
Janari soberakinen kopurua murrizteko asmoz, Lekeitioko Azkue Natura Ikastola Rexcatering egitasmora batu da Zerbikas proiektuagaz. Hala, ikastolako jantokian soberan geratzen den jatekoa herritarrentzako eskuragarri ipiniko dute hozkailu makina batean, behar duenak har dezan.
Ainara Atxikallende eta Lorea Santiago irakasleak ari dira proiektua gidatzen, DBH1 eta DBH4ko ikasleekin. Atxikallendek azpimarratu duenez, “herritik eta herriarentzat” egindako proiektua da esku artean dutena. Halaber, Lekeitioko Udalari proiektuaren berri eman, eta euren babesagaz emango dituzte hurrengo pausuak. Era berean, herriko gainontzeko ikastetxeen parte hartzea ere beharrezkotzat jo dute: “Gure asmoa da datorren urtean proiektua ahal dugun gehien zabaltzea. Lekeitioko Eskola Publikokora joan gara proiektua aurkeztera, eta oso interesgarria iruditu zitzaien. Datorren astean intitutura joango gara, ze, guretzat oso proiektu garrantzitsua da, eta oso garrantzitsua da denok elkarlanean aritzea”.
Ildo beretik, aurrera begira herriko beste agente batzuek parte hartu dezaten ere saiatuko dira. Horietako bat izango da, esaterako, Uribarren Abaroa Egoitza: “Han ere badute jantokia, eta ziurrenik, soberakinak egongo dira”. Azaldu dutenez, belaunaldiarteko proiektua izatea ere nahi dute: “Gure asmoa da zaharren egoitzara joan, eurekin lan egin, erakutsi, ikasi… eta eurekin ibilalditxo bat eginez, hozkailu makinara euren soberakinak eroatea egunero. Horrela, eurengana hurbiltzeko beste aitzakia bat edukiko dugu”. Bestalde, herriko supermerkatuei ere proiektura batzeko gonbidapena egin nahi diete
Oporren ostean, martxan. Azaldu dutenez, Aste Santuko ikastolako oporren ostean hozkailu makina martxan ipintzea da asmoa; datorren ikasturterako utziko dute proiektuari zabalpena eman eta gainontzeko ikastetxeekin koordinatzea. Bereziki azpimarratu dute herri guztiarentzat izango den proiektua dela egin nahi dutena, eta horregatik, hozkailu makina ez dute ikastola barruan ipiniko: “Hiru agente nagusiak Ikastola, eskola publikoa eta Uribarren Abaroa egoitza izan behar bagara, hirurak eremu antzekoan daudenez eremu horretatik hurbil ipiniko dugu makina, eta saiatuko gara herrirantz apur bat hurbiltzen. Oraingoz, Sategiko parkearen inguruan ipintzea da asmoa”.
Aurtengoari dagokionez, ikastolako kideak hasiko dira proiektuagaz, eta dena “ondo pentsatu eta diseinatuta” dutenean, gainontzeko partaideei zabalduko diete proiektua. Halaber, jada hasiak dira janaria sailkatu ahal izateko formakuntzak jasotzen: “Ikasi egin behar dugu janaria manipulatzen, ze, jantokiko soberakinak edukiontzi berezi batzuetan ipini behar ditugu ostean makinara eroateko, janariari tenperatura jaitsi behar zaio bakterorik ez sortzeko… hori dena ikasten ari gara”.
Ikasi eta eskaini. Atxikallendek azaldu duenez, Zerbikas proiektuaren helburua ikasketa baten truke gizarteari zerbitzu bat ematea da, maila txiki edo handian. Aurtengo ikasturtean zer egin pentsatzen aritu zirela, ikasle taldeetako batek Orion ipinitako makina baten berri izan zuen: “Taldetxo batek jakin zuen Orion makina bat ipini zutela ikastolako jantokian sortzen diren soberakinak hozkailu makinetan ipini eta edonolako beharrizana duten herritarrek doan hartu ahal izateko. Oso interesgarria iruditu zitzaigun, ze, guk ikastolako soberakinen kopurua asko jaitsita daukagun arren, beti daude soberakinak”.
Hori horrela, ikerketa bat egin zuten soberakinen kopurua zenbat den jakiteko, eta baita sobratzen dena zer den ezagutzeko ere: “Gutxi sobratzen dela ikusi badugu ere, Rexcatering erakundearekin ipini ginen harremanetan, eta baita Orioko Ikastolarekin ere. Hortik, apurka-apurka, informazioa batzen joan gara, eta ezagutzen zer den proiektua aurrera eroateko egin beharrekoa”.