Lau ekimen prest dituzte udaberriko literatur astean
Astelehenean, 17:30ean, ipuin eta marrazki lehiaketako sari banaketa egingo dute bideo gelan.
Berriatuan urtero bi literatur aste egiten dituzte, bat udaberrian eta beste bat udazkenean. Aurtengo lehendabizikoa prest du udaleko kultura batzordeak. Barikuan [martxoak 28] hasi eta astelehenera arte [martxoak 31] egingo dute eta lau ekintza antolatu dituzte.
Barikuan Poltsikorako poemak poema errezitaldia osatuko dute, 16:30etik aurrera, liburutegian. Domekan [martxoak 30], 17:00etan, Elisse&Dekker ipuin kontalaria herriko bideogelara arte hurbilduko da. Aurreratu dute adin guztientzako ekimena dela eta saioak genero rolak “zalantzan” jarriko dituela: “Egia al da gauza batzuk mutilenak direla eta beste batzuk neskenak? Eta hori gure buruetan badago? Pertsona guztiok dugu gure sexua edozein izanda ere gustukoen dugun horretan aritzeko eskubidea. Etorri eta entzun nahi zutena izatera ausartu ziren pertsonei buruzko istorioak”.
Astelehenean [martxoak 31], beraz, ekintza bikoitza izango dute berriatuarrek. 17:30ean ipuin eta marrazki lehiaketako sari banaketa egingo dute bideo gelan. Gero, 18:30ean, Irakurketa taldean, Leslie Feinberg idazlearen Mari mutil handi baten bluesa liburua izango dute aztergai, Ainara Santamariagaz.
Antolatzaileek herritarrei hurbiltzeko eta parte hartzeko deia egin diete.