Markina-Xemeingo Udalak 2024ko udal ekintza planaren balorazio "oso ona" egin du
Aurreikusitako ekintzen datuei erreparatuz, %83,64 dira eginda edo egiteko bidean daudenak, %10,3 atzeratuak, eta %6,06 bertan behera gelditutakoak.
Markina-Xemeingo Udalak 2024ko ekintza planari begira, urte amaierako ekintzen betetze mailaren balorazio “oso ona” egin du. Bertan, ekintza berrien, egindakoen, egiteko bidean dauden, atzeratuen eta bertan behera gelditu direnen datuak plazaratu ditu. Hauei erreparatuz, %83,64 ekintza dira eginda edo egite bidean daudenak, %10,3 atzeratu direnak, eta %6,06 bertan behera gelditutakoak. Udaletik jakinarazi dutenez, ekintza guztiak loturik daude Agenda 2030etik finkaturiko Garapen Jasangarrirako helburuarekin. “Urteroko ekintza plana bideorri bat izateaz gain, herritarrei begira gardentasun ariketa bat da, eta udal ordezkariontzat, konpromisoak mahaigaineratzeko bidea da”.
2024ko udal ekintza planaren jarraipena “oso ona” izan dela azpimarratu du Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkateak: “Ekintzei dagokienez, %6,06 izan dira bertan behera gelditu direnak, arrazoi desberdinak tarteko. Besteak beste, finantziazio falta, bideragarritasun eza, edota hausnarketa prozesu baten ondorioz beste norabide bat hartzeagatik gelditu dira egin barik”. %10,3 izan dira atzeratu diren ekintzak, eta Lasak adierazi bezala, “modu kontzientean” hartutako erabakia izan da: “Kasu batzuetan ez heltzearen ondorio ere izan daiteke, baina orokorrean era kontzientean hartutako erabakia izan da, lehentasuna bestelako ekintzei eman diegulako”. Hala, egin diren edo egiteko bidean dauden ekintzak gehiengoak izan dira: %83,64. Lasak datu hauen gaineko balorazio “oso positiboa” egin du: “Ekintza batzuk hasi eta amaitu egin ditugu urte betean, baina beste batzuk agintaldian zehar garatzen joango direnak dira, beraz, egiteko biden daude; esaterako, obrei lotutako lanak. Aurtengo ekintza planean jakinaraziko ditugu zeintzuk diren aurreko urtekotik datozenak, eta zeintzuk berriak”. Bide horretan lanean dabiltzala zehaztu du; izan ere, 2025eko ekintza plana apirilean aurkeztea eta herritarrek etxeetan jasotzea da udalaren helburua.
Aurrera eramandako ekintzak. Gauzatutako ekintzen artean zenbait nabarmendu ditu Iratxe Lasak. Izan ere, orain arte garatu gabeko zenbait dinamikei hasiera eman die, eta urte betean, “urrats handiak” eman dituztela zehaztu du. “Dinamika desberdinei hasiera eman diegu, eta herriaren erantzuna oso ona izan da. Besteak beste, herri hezitzaileen dinamikari eta kulturartekotasuna eta euskararenari eman genion hasiera joan den urtean, eta lorpenak espero genituenak baino handiagoak eta aberatsagoak izan dira”. Gehitu du aurreko agintaldian “eskatzen duen seriotasunagaz ez zitzaiola kolpe egin”. Bide horretatik, udalak herriko eragileekin harreman “zuzena” daukala azpimarratu du, eta horrelako dinamikak aurrera eramateko orduan “elkarlana” dagoela erdigunean.
Herrian gauzatutako obrei dagokienez, Bekobenta Eskolako espazioen beharrei erantzun diela nabarmendu du: “Agintaldia hasi eta berehala egin genion kolpe Bekobenta Eskolako espazioen beharrei, eta urte betean, irtenbidea eman diogu. Gainera, modu kolektiboan eta elkarlana oinarri izanda. Oraindik, badago zer egin baina urteetan ataskatuta egon den arazori aurre egin diogu.
Lau helburu. Aurtengo ekainean bi urte beteko dira Markina-Xemeingo EH Bilduk udal hauteskundeak irabazi eta udal gobernuan dagoenetik. Hori horrela, urte hauetan indartu, sustatu eta aurrea eraman dituzten proiektuen berri eman zieten herritarren 2024ko maiatzean, eta hurrengo urteetarako plangintza aurkeztu zuten. Bertan, lau erronka nagusi finkatu zituzten: “Markina-Xemein irekia, denona, zaintzailea eta herrikoia” izatea. Hala, herri irekia izateko helburuagaz, udal gobernu “demokratikoago” baten alde lan egin dute azkenengo urtean, eta horren harira, herritarren parte hartzea sustatu nahi izan dute.
Markina-Xemein denena izateko bidean, aukera berdintasuna bermatzea izan da beraien helburua: “genero, aniztasun funtzional, ahalmen ekonomiko zein jatorri ezberdinak izanda ere”. Herri zaintzailea izateko helburuari dagokionez, pertsonen elkar zaintza sustatzeaz gain, ingurumenaren zaintzari ere egin diote erreferentzia, eta herri herrikoia izateko helburua betetze bidean, herri bizia sustatu eta herrigintza aktibatu nahi izan dute, “ondarea eta kultura babestuz”.