200 kilo berdel banatu ditu Ondarroako Arrigorri Batelero Elkarteak
Borondatearen truke, bart harrapatutako berdela prestatzen aritu dira Ondarroako bateleroak. Beste urte batez, herritarrek "asko" eskertu dute bateleroen lana.

Eguraldi ona lagun, Ondarroako Arrigorri Batelero Elkarteak ez du hutsik egin urteroko hitzorduan. Berdela portuetara heltzen hasteagaz batera, bateleroek ere berdela arrantzatzeari ekin diete. Hala, Itsasaurren egon dira gaur [martxoak 28] goizean, berdela borondatearen truke eskaintzen.
09:00etan hasi dira arraina garbitu eta prestaketak egiten, eta eguerdirako ilara luzeak egin dira berdela jateko; edaria ere, nahieran eskaini dute bateleroek. Berdela, gainera, ezin freskoagoa izan da. Bart aritu dira arrantzan, eta guztira 200 kilo inguru harrapatu dituzte: “Atzo gauean joan ginen berdela arrantzatzera. Txalupan hamar inguru joan ginen; normalean, ahal dugun guztiok joaten gara. 200 kilo inguru harrapatu ditugu, eta denak prestatzeko esperantza daukagu, borondatearen truke”. Errentarik ateratzen ez duten arren, herritarrei “asko” gustatzen zaien ekimena dela diote: “Urtero egiten dugu, eta urtero ibiltzen da jendea. Herritarrei asko gustatzen zaie ojaelan egitea. Asko eskertzen dute, ze, etxean ezin dute egin”.
Elkarteko kideek azaldu dutenez, borondatezko lana da egin ohi dutena: “Elkartean 100 lagunetik gora gara. Gaurko egunaz gain, arrantza lehiaketa ere antolatzen dugu. Horrekin batera, norbaitek laguntza eskatzen badigu, beti saiatzen gara laguntzen. Esaterako, galiziar etxekoei. Lehen errege magoak itsasotik etortzen zirenean ere laguntzen genuen horretan, eta gaur egun estropadak prestatu behar direnean ere laguntzen dugu”. Elkarlana oinarri, beraz, elkarteagaz aurrera jarraitzeko zalantzarik ez dute erakutsi kideek.




























