34. Sabin Foruria-Haitzasko Oroimenezkoaren ibilbidea moldatu behar izan dute
Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartetik jakinarazi dute Gontzogaraiganeko igoera kendu behar izan dutela.
Zapatuan [martxoak 29] da lehiatzekoa Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak urtero antolatzen duen 34. Sabin Foruria-Haitzasko Oroimenezkoa. Azken orduan, ordea, aldaketak egin behar izan dituzte ibilbidean.
Gontzogaraiganeko jaitsieran Ziortza-Bolibarrerantza egiten ari diren obrengatik egin behar izan dituzte aldaketak. “Lasterketako Ertzaintzako arduradunek esan digute errepideko toki batzuetan arrakalak daudela eta gurpilak bertan sartzeko arriskua dagoela”, azaldu dute elkartetik.
Hau da, lasterketa erabaki zezakeen igoera barik, hiru aldiz igotzen zena gainera, antolatzaileek egun batetik bestera aldaketak egin behar izan dituzte. Horrenbestez, Lekoitzgane izango da hiru aldiz igaro beharko dutena txirrindulariek eta Miloi beste lau aldiz. Aulesti, Gizaburuaga, Oleta eta Amorototik igaroko da lasterketa Markina-Xemeinera arte zirkuitua osatuz. Guztira azkenean 132 kilometro izango dira.