Antzerkigintza: harremantzeko lanabes onena
Eneritz Artetxe Aranaz aktore gernika-lumotarrak antzerki eskolak gidatzen ditu Munitibarren. Euskara, kultura eta aisia uztartzen ditu astean behin udalerriko haur eta gaztez osaturiko ikastaldeak.

Antzerkia hainbat ifrentzuko txanpona da. Antzerkia izan daiteke labanarik zorrotzena, ispilurik gardenena, sutondorik epelena. Hori inork baino hobeto daki Eneritz Artetxe Aranaz gernika-lumotarrak: arte alor horren inguruan lerrokatu du bere ibilbide guztia, hala antzerkigintzan, nola zineman, baita telebistan edota literaturan ere. Jasotakoa emateak duen esanguraren jakitun, duela hiruzpalau urtetatik antzerki tailerrak zuzentzen ditu Munitibarren.
Haur eta gaztetxoei ematen dizkie eskolak Artetxek. Proiektuaren haziari dagokionez, azaldu du hizkuntza kezka duela jatorrian: “Duela zenbait urte, udaletxeko eta udal liburutegiko arduradunak umeen kaleko euskara erabileragaz arduratuta zeuden, gaztelania asko entzuten zutela eta; pentsatu zuten euskarazko antzerki tailerrak haurrak biltzeko eta euskaraz aritzeko espazio segurua liratekeela, eta halaxe ekin genien klaseei”.
Eneritz Artetxe Aranaz: “Antzerkigintzan eta batez ere adin horietan, talde edo batasun sentipena indartsua izan behar da nahitaez”
Xumetasunetik baina konpromisoz, udalak beharrezko baldintza eta azpiegitura guztiak ahalbidetu zizkion aktoreari, egitasmoa abiatzeko: “Udal aretoa argi naturaldun gune atsegina eta haurrak askatasunez mugitzeko aproposa da; udaletxeko nahiz udal liburutegiko lantaldea, era berean, beti dago edozertan laguntzeko prest“.
Euskara profil zein adin guztietako umeak harremantzen dituzte antzerki eskolek: 5 urtetik 12 urtera bitartekoak. Astean behin elkartzen da taldea, ordu eta erdi inguruko saioa egiteko. Lehen hiru ordu laurdenean, gaztetxoenek eduki ohi dute protagonismoa; bigarrenean nagusiek jarraitzen dute. “Antzerkigintzan eta batez ere adin horietan, talde edo batasun sentipena indartsua izan behar da nahitaez”. Egun, hamar haur inguru dira taldean.

Argazkia: Joana Ikazuriaga.
Alderdi fisikoaren esangura.
Artetxeren espezializazioa adierazpide fisikoa da, gorputzagaz lotutakoa: “Alderdi horretatik eragiten saiatzen naiz. Hori bai, ahotsaren tratamendua, inprobisazioa, pertsonaien lanketa edota talde sorkuntza ere jorratzen ditugu”. Munitibarko taldea “oso antzerkizalea” dela azpimarratu du: “Aitzakiarik txikitxoenagaz, gai dira istorio bat edo, behintzat, antzerkirako kausa bat sortzeko”. Gidariaren lana, beraz, borondate horren “kanalizazioa da”, alegia, ikasleei lanerako “lanabesak ematea“.
Antzerki eskolek urtez urte aurrera egitea udalerrian kultur jardueren eta sormenaren alde lan egiten den “erakusle” dela nabarmendu du Artetxek: “Baliteke konpromiso hori eskolatik eta bertako komunitatetik etortzea; baliteke udalak, kultur etxeak eta liburutegiak zentzu horretan eragitea; edo baliteke etxean bertan kulturarekiko ardura eta interes hori piztea”.
Hori horrela, eskolak egitea “oso atsegina eta emankorra” begitantzen zaio. “Kultur ikusmolde eskuzabala suma daiteke herrian; izan ere, haurrak gustura egotea lehenesten da, beraientzako espazio seguruak eraikitzea. Niri, esaterako, inork ez dit sekula lanerako presiorik sartu: askatasun osoz behar egiten utzi didate”. Ordainetan ezer ez eskatze hori umeek ere “detektatu” egiten dutela uste du: “Horregatik, eskoletara inongo beldur edota tentsio barik etortzen dira: motibatuta eta jarrera apartagaz”.

Argazkia: Munitibarko Udala.
Antzerkigintza eskoletara euretara soilik mugatzen ez dutela erakusten du umeen zaletasunak: eurentzat ez da eginbehar bat, aisialdi jarduera baizik. Horren erakusle, klasekideek Gernika-Lumoko Lizeo Antzokira talde bidaia egin zuten, Artetxe bera taula gainean ikusteko eta oholtzaren atzealdean ezkutatzen diren txoko guztiak ezagutzeko: “Moko obra aurkeztu genuen, eta eurekin egoteko aukera eduki nuen. Batetik, eskoletan ondutako kontzeptuak eta teknikak bertatik bertara ikusi zituzten; bestetik, aretoaren tripetan ostontzen diren alderdiak, sekretuak eta materiala erakutsi nizkien; horrez gain, herri txiki batekoak eta oso gazteak izanik, Gernika-Lumora joateak bazuen abentura kutsurik bere horretan”. Aurretiaz, gainera, Bilboko Arriaga Antzokira ere taldean joandakoak ziren.
Autodidakta izateaz.
Antzerki pedagogian trebatutako profesionalak, neurri handi batean, “autodidaktak” izan direla argitu du gernika-lumotarrak. Beraz, bere metodo edo lanerako molde propioari erreparatzen dio, eskolak prestatzerakoan. “Metodologia liburu asko testuetara bideratuta daude, idazkeratik hurbil, baina ez hainbeste inprobisaziotik, ahoskeratik edota gorputz adierazpenetik; beraz, guk bestelako bideak probesten ditugu, testuetara bakarrik mugatu ordez”. Lan ildoaren aldetik, Artetxe pozarren ageri da: “Ni neu konbentzitzen nauen metodologiagaz lan egiten dut, eta badakit Munitibarkoa moduko taldeentzat erabilgarria dela”.
“Munitibarko taldearengandik ikasi dudana da askotan lekurik ezustekoenetan etxetxo bat aurki dezakezula”
Poza eta asebetetasuna sortzen dizkiona, bestalde, haurren garapena da: “Eskolaz eskola, astez aste, hilabetez hilabete, aurrera egiten dutela eta hasieran ezarritako erronkak betetzen doazela ikustea egundoko saria da. Munitibarko taldearengandik ikasi dudana da askotan lekurik ezustekoenetan etxetxo bat aurki dezakezula. Eskolek esperimentatzeko aukera eman didate, landu gura nituen hainbat alderdi martxan jartzeko, eta umeen, familien nahiz liburuzainaren jarrera beti eraikitzailea izan da. Zeharo eskertuta nago”.
Tailerretarako izena emateko bidea erraz askoa da: libuturegira bertaratzea eta bertan galdetzea
Antzerki tailerretara izena eman gura duenak, gainera, ez dauka zertan hurrengo ikasturte hasierara arte itxaron. Aurten bertan hasteko aukera du, bere maila edonolakoa izanda ere. Tailerretarako izena emateko edota informazio gehigarria eskuratzeko bidea, ostera, erraz askoa da: liburutegira bertaratzea eta bertan galdetzea.