Berriro ere kaleak hartu dituzte Palestinaren aldeko aldarriek
Su etenaren haustearen aurrean, Lekeitio-Palestina Elkartasun Taldeak mobilizazioa egin du Lekeition, "etengabeko sarraskia" salatzeko asmoz.

Lekeitio-Palestina Elkartasun Taldeak joan den eguenean [martxoak 27] mobilizazioa egin zuen Lekeition, “etengabeko sarraskia” salatzeko asmoz. Azaldu dutenez, “pozik” hartu zuten su etenaren albistea, “Palestinar erresistentziarentzat garaipena” izan zelako; halabaina, “berriz” kalera ateratzea egokitu zaie.
Ziurtasunez adierazi dute bazekitela su etena “oztopatua” izango zela. Halaber, kaleak hartu dituzte beste behin: “Berriz dagokigu kalera ateratzea. Genozidioa salatzeko, palestinar herriari babesa emateko, palestinar erresistentzia goraipatzeko, aski dela ohiukatzeko… baina, batez ere, Israel desegin behar dela argi eta garbi esateko”. Israel “entitate kolono” bat dela gogorarazi zuten ostera ere: “Israelek bere atzamarrak atera behar ditu Palestinatik. Bestela ez da izango konponbiderik”.
Egoerari aurre egiteko laguntzea dagokiela azpimarratu zuten: “Guri, hemendik, ahalegin horretan laguntzea dagokigu, Israel kaltetzeko, Israel deslegitimatzeko. Horretarako boikota, horretarako Israelekin harreman guztiak apurtu beharra”. Harreman horien artean politikoak, ekonomikoak, kulturalak, instituzionalak nahiz akademikoak daudela adierazi dute. Horri aurre egiteko asmoz, instituzioak “genozidioaren konplize” izateari uzteko beharra nabarmendu zuten: “Instituzioak behartu behar ditugu genozidioaren konplize izateari utzi eta Israelekin zuzenean edota Israelekin kolaboratzen duten enpresekin dituzten harremanak bertan behera utz ditzaten”.
Lekeitio-Palestina Elkartasun Taldeak uste du “momentu berezi bat” dela bizitzen ari direna. Halaber, egoerari aurre egiteko beharrezkotzat jo dute herri mugimenduen indarrak biderkatzea, hainbat arrazoi tarteko. Alde batetik, indarrak biderkatzeko deia egin dute Palestinaren askatasunaren alde egiteko: “Geure herriaren askatasun borroka zein munduko beste herrien aldeko elkartasun internazionalista antolatuz, inperialismoa ahultzeko”. Ildo beretik, aipamen berezia egin nahi izan zieten “milaka aldiz jipoitua” izan den Siriar herriari nahiz “beste hainbatetan ahaztua” izan den Saharar herriari; miresmena adierazi zieten, ostera, “inperialismoaren aurka altxatzen ari diren” Afirika, Asia mendebalde nahiz Hego Amerikari.
Bestalde, Europar Batasuna hartzen ari den posizioaren aurrean hausnarketa plazaratu nahi izan dute, “Euskal Herrian gerraren, inperialismoaren zein Natoren aurkako mugimendua indartzeko beharren inguruan”.
Azkenik, Palestinari lotuta, herri mailan ere indarrak batzeko deia zabaldu dute: “Herri mailan gure ahalegina bideratuko dugu Lekeitio sionismorik gabeko eta Israelekin harremanak hausten dituen herria izendatzeko. Hortxe kokatuko dugu gure epe laburreko dinamika, Israelen aurkako boikot eta deslegitimazioan”.
Era berean, ekainaren 14an Donostira joateko deia egin dute, CAF enpresa salatzeko asmoz: “Enpresa honek, Israelen proiektu kolonialarekin zuzenean kolaboratzen du, Jerusalem eta Israelek Palestinako lurralde okupatuan dituen kokaguneak elkarrekin lotzeko trena eraikiz. Dagoeneko badira presioagatik proiektu horretatik atera diren enpresak. Horixe da Euskal Herritik ere lortzen saiatu beharrekoa”.