Gogoratzeko moduko Goxua Txapelketa
Iragan zapatuan [martxoak 29] jokatu zituzten Goxua Txapelketaren finalak. Lehen eta bigarren mailako finalez gain, hirugarren partidu "berezi" bat ere jokatu zuten. Antolatzaileek aurtengo ekitaldiaren "balorazio positiboa" egin dute.

Markina-Xemeingo frontoi txikiak aurtengo Goxua Txapelketaren finalak hartu zituen iragan zapatuan [martxoak 29]. Maila handiko finalez gozatzeko aukera paregabea eduki zuten bertaratu ziren pilotazaleek. Bigarren mailako finala lehiatu zuten lehenik, eta lehen mailakoak eman zion jarraipena. Azkenean, hirugarren neurketa “berezi” batek ipini zion gailurra egitarauari.
Amotok eta Urrutiak 18 eta 13 irabazi diete Anituari eta Basterretxeari, bigarren mailan; jarraian, Mujikak eta Esnaolak, 18 eta 12, Muñozguren eta Katori
Bigarren mailako finalean, Amoto-Urrutia bikoteak 18 eta 13ko markagailuagaz lortu zuen txapelketa, Anitua-Basterretxea bikotearen aurkako finalean. Jarraian, lehen mailakoen finalean, Muñozgurenek eta Katok ezin izan zieten Mujikari eta Esnaolari aurre egin, eta bigarrenek eskuratu zuten garaipena, finalean 18 eta 12 nagusitu ondoren. Final biak ala biak maila handikoak eta “ikusteko modukoak” izan zirela azaldu dute Markina-Xemein Pilota Taldeko antolatzaileek. Hain zuzen ere, zuzenean eman zituzten Youtube bidez, eta “hainbat ikustaldi” eduki dituztela aditzera eman dute.
Ikusleek interes handia eduki zuten, bestalde, egitarauako azken partiduari zegokionez: “Morbo apur bat sumatu genuen, Mikel Goñi ere tartean egonda. Giro paregabea gailendu zen, sekula baino hobea. Partiduaren emaitzen gainetik, ikuskizuna eta giro ona izan ziren protagonistak”. Goñi II.ak, hain zuzen, etxeko pilotari Aretxabaletagaz osatu zuen bikotea; aurrez aurre eduki zituzten Txirloi eta Urizar.
Aurrera begira
Txapelketaren aurtengo balorazioa “oso positiboa” da eta hurrengo urtean “errepikatzeko prest” agertu da antolakuntza: “30 bikotek parte hartu dute, eta 60 lagun baino gehiago aritu dira. Beste ekitaldi batzuetan ere pareko kopuruetan mugitu izan gara, baina aurten jendea urrunagotik etorri da; antolakuntza aldetik ere, kudeaketan urratsak egin ditugu, arau hobeak ipini ditugu, eta abar”. Ikusleen jarraipenaz ere mintzo dira: “Eguen jakin batzuetan, ez da batere erraza izan ikusleak erakartzea, baina, oro har, herritarrek interesa erakutsi dute. Finaletan bildu dira jarraitzaile gehien, tartean, jende gaztetxoa. Beraz, pozik gaude emaitzagaz”.