Lekeitioko Energia Berriztagarrien Komunitatea aurkeztuko dute
Bihar [apirilak 1] 18:30ean egingo dute aurkezpena, kultur etxeko Azkue aretoan. Oraindik osatu gabe dagoen komunitatea den arren, parte hartzeko alternatiba desberdinak emango dituzte aurkezpenean.
Energia berriztagarriak bultzatzeko asmoz, Lekeitioko Energia Berriztagarrien Komunitatearen aurkezpena egongo da bihar [apirilak 1], 18:30ean, Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan. Antolatzaileek azaldu dutenez, etorkizunera begira helburua energia elkarte edo kooperatiba sortzea da. Hala, interesa duten herritar denei aurkezpenera bertaratzeko deia luzatu diete.
Oraindik osatu gabe dagoen komunitatea den arren, beste hainbat helbururen artean, klima larrialdiari aurre egiteko asmoz lanean dihardu herritar talde batek: “Duela bi hilabete baino gehiago herritar batzuk hasi ginen elkartzen herrian energia berriztagarrien komunitate bat sortzeko asmoz. Bideorria guztiz marraztuta ez dagoen arren, lehenik eta behin herrian zer nolako muskuloa dagoen ikusi nahi izan dugu, ze, talde motorra ere beharko da”.
Halaber, biharko batzarrean herritarrei komunitatean parte hartzeko alternatiba desberdinak emango dizkiete: “Alde batetik, etorkizunean bazkide izateko aukera emango dugu, bestalde, talde sustatzailean sartzeko aukera, eta azkenik, lan talderen batean parte hartzeko aukera. Herriarekin egingo dugun lehenengo kontaktua izango da; ikusi egin nahi dugu ea zer nolako egoera dagoen honekin aurrera egiteko. Momentuz aurkezpen txiki bat egin da herriko kultura eta kirol eragile batzuekin, eta bihar [apirilak 1] herritar guztiei aurkeztuko diegu proiektua”. Jakitera eman dutenez, Lekeitioko Udalaren laguntza ere jasoko dute proiektua aurrera eroateko.
Azaldu dutenez, hainbat helburu dituzte egitasmoarekin, besteak beste, tokiko baliabideak erabiltzea, herritarrei ahalduntzeko bidean laguntzea, pertsonak erdigunean kokatzea eta proiektuetan herriak erabakitzea. Ildo beretik, energia oinarrizko beharra denez geroztik, energia burujabetza, kontsumo kontziente eta arduratsua eta gizartearen parte hartzea sustatzea ere badaude euren helburuen artean.
Gaur gaurkoz harreman talde bat osatu dute, eta apurka-apurka doaz aurrera: “Ondo egin nahi ditugu gauzak, ez daukagu presarik. Klima larrialdiari aurre egiteko presa daukagu, baina nahiago dugu gauzak ondo egin eta txiri-txiri joan”.