Udaberriari atea zabaltzeko prest
Goizetik eguerdira arteko egitarauagaz egingo dute, domekan [apirilak 6], Munitibarko IV. Udaberriko Azoka. Azokaguneko postuez gain, zuzeneko musika eta arte saioa ere egingo dituzte.
Udaberrian sartu berritan, urtero berriari atea parez pare zabalduko diote munitibartarrek datorren domekan [apirilak 6]: Udaberriko Azokaren laugarren ekitaldia egingo dute, goizetik eguerdira bitartean. Herriko udal pilotalekua izango da azokagunearen epizentro, 10:00etatik 15:00etara bitartean. Bertan elkartuko dira Lea-Artibaiko nahiz Busturialdeko hamaika txokotatik zein Euskal Herriaren luze-zabaletik bertaratutako ekoizle, artisau eta sortzaileak.
30 postuk osaturik dator laugarren aldia. Parte hartzeko prozedura izan da aurtengo berrikuntza esanguratsuenetako bat, udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera. Izan ere, izena emateko epea zabaldu dute aurtengoan, eta interesdunak beren kabuz bildu dira egitasmora. Hala, udalerriko, eskualdeko zein inguruko herrietatik hurreratuko dira azokara. Denetariko produktuen eskaintza egongo da: jan-edana, apaingarriak, bitxiak, margolanak, panpinak, osagarri jasangarriak, animalientzako osagarriak, ehunak, eta abar luze bat.
Ekoizleen erantzuna “oso ona” izan dela argitu dute antolatzaileek, eta “aurreikuspen apartak” dituzte domekarako. Azoakaren berezitasunetako bat, hain zuzen, herritarren esku hartzea da, munitibartarrek “gogo onez” laguntzen baitute eguneko prestakuntzetan. Parte hartze horren erakusle da, bestalde, azokan egongo den udalerriko ekoizle kopurua ere: Gerrikaizko Dardarak eta Jesus Belaustegik postuak edukiko dituzte, baita Munitibarko Naioa Josi ta pozik, Nerea Ruiz, Pascual del Rio, Reyes eta Txopitturri Guraso Elkarteak ere. Horrez gain, Lekeitioko, Markina-Xemeingo, Berriatuko edota Etxebarriko partaidetza ere egongo da; halaber, Kortezubi, Ajangiz, Bermeo nahiz Arratzutik ere hurbilduko dira artisauak, besteren artean.
Denetariko jarduerak.
Egitasmoa ez da azokagunera mugatuko, bere horretan. Izan ere, iaz bezala, Bakioko Txerokiak taldeak zuzeneko musikaz girotuko du goiza: “Beren emanaldia bikain egokitzen zaio ekimenari; gizonezkoz eta emakumezkoz osatutako taldea da, eta plaza bakoitzean kide desberdinek jotzen dute. Aldarte itzela sortzeko gai dira”. Txerokiek plazan hasiko dute musika saioa, 12:30ak inguruan, eta gero herriko taberna, kale nahiz txokoak epelduko dituzte.
Horrez gain, Jose Angel Uberuaga Ube artista munitibartarrak, Eskuahaldunak Euskal Herriko Eskultoreen Elkartearen izenean, artea eta aldarria uztartuko ditu plazan. Hain zuzen ere, palestinar herria pairatzen ari den genozidioa artera eroango du. Jarduera hori ez dago udalak aurreratutako egitarauaren barruan, baina, edozelan ere, herritarrei bertaratzeko eta parte hartzeko deialdia luzatu diete. Beste alde batetik, iragarri dute haragi errea kozinatzeko postua frontoiaren kanpoaldean egongo dela, baita burni forja artistikoa jorratzen duen postua ere.