Berdintasuna nagusi, Masters Serieseko lehen finalaurrekoetan
Urreisti-Lekerika eta Ortiz de Mendibil-Watkins bikoteak Lekeitio Master Series txapelketaren finaletara sailkatu dira. Zapatuan [apirilak 12] jokatuko dituzte bigarrenak: Araskitain-Aldazabal Mugartegi-Otañoren aurka eta Erkiaga-Gorka Johan-Del Rioren kontra.

Lekeitioko Masters Seriesak beste urte batez ez du hutsik egin. Giro bikaina harmailetan eta ikuskizunak lagundu egin du. Gainera, lehen aldiz emakumezkoen Jai Alai Ligarako txapelketa puntuagarria izateak bestelako emozio bat eman zien zapatuan [apirilak 5] jokatutako lehen finalaurrekoei.
Eñaut Urreistik eta Unai Lekerikak erakutsi zuten modako bikotea direla azken asteetan. Gasteizen txapela jantzi eta gero, intentzio berekin kantxaratu ziren Santi Brouard pilotalekuan. Hori bai, lan egin behar izan zuten Ludovic Ladutxe, Xabi Barandikaren ordezkoa, eta Ion Ibarluzea mendean hartzeko. Hain zuzen ere, getariarrak eta markina-xemeindarrak partida landu nahi izan zuten, aurkariek baino pilota bat gehiago sartu. Hasiera batez ere oso berdindua izan zen. Mutrikuarrak eta gernikarrak, partidaren gogortasunaz jakitun, ez ziren itsutu eta aukerako pilotetan errematatu zuten. Alde horretatik, Urreistik berebiziko abilezia erakutsi zuen beste behin. 15-12 irabazi zuten lehen jokoa. Bigarrenean, ordea, Ladutxek eta Ibarluzeak huts gehiago egin zituzten eta aurkariek alde handia lortu zuten markagailuan, 11-4 aurreratu ziren. Hala ere, gehiago arriskatuz aurrean eta atzean betiko sendotasuna erakutsiz, amaiera hobea eman zioten partida emaitza aldetik: 15-12.
Aukera bi
Berdintasun gehiago egon zen emakumezkoetan, hirugarren jokoko azken tantoan erabaki zen finalaurrekoa. Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea berriaturrak ezin hobeto atera ziren eta 10-1 ekin zioten partidari. Bikote berriatuarrak erakutsi zuen ezin hobeto elkar ulertzen dutela eta 15-4 itxi dute lehen seta. Hortik aurrera, Maite Ortiz de Mendibilek eta Frida Watkinsek haien plana gauzatu ahal izan dute. Hau da, jokoa atzera bideratu Gogenola jokoz kanpo uzteko. Goikoetxea gaztearen bigarren partida zen Masters txapelketa batean, baina bikain erantzun zuen. Une batean aurretik jarri ziren eta guzti 12-10koagaz, baina ezin izan zuten bigarren jokoa irabazi (13-15). Azkenengoan ere finalerako txartela lortzeko aukera izan zuten berriatuarrek 4-3koarekin, baina zumaiarrak eta gasteiztarrak markagailuari irauli zuten: 4-5.
Zapatuan [apirilak 12] 19:00etatik aurrera, bigarren finalaurrekoak jokatuko dituzte. Nesketan, Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal Erika Mugartegi eta Oaia Otañoren aurka eta Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal Johan Sorozabal eta Julen Del Rioren kontra. Finalak apirilaren 17an 17:00etan jokatuko dituzte.