Bizkaiko Batel Txapelketan hiruna bandera lortu dituzte Isuntzak eta Ondarroak
Sestaoko uretan lehiatu den Bizkaiko Batel Txapelketan aritu dira Lea-Artibaiko arraunlariak asteburuan. Isuntza haur eta kimu kategorietan nagusitu da; Ondarroa, berriz, gazte, kadete eta emakumezkoen absolutu mailan.

Lekeitio eta Ondarroako arraunlariak Sestaoko uretan aritu dira asteburuan. Zapatuan [apirilak 5] sailkapen estropadan aritu eta gero, atzo [apirilak 6] Bizkaiko Batel Txapelketa lehiatu zuten, eta emaitza bikainak lortuta itzuli ziren etxera: Isuntza Arraun Elkartea eta Ondarroa Arraun Elkartea hiruna bandera eskuratu zituzten.
Kimu mailan bere nagusitasuna erakutsi zuen talde lekeitiarrak, eta bai emakumezkoen taldeak, bai gizonezkoenak, bandera bana lortu zuten. Emakumeen taldeak 02.26,20ko denboran gelditu zuen erlojua, Ondarroa (02.35,72) eta Elantxoberen (02.56,86) aurretik. Gizonezkoetan, berriz, bigarrenarekiko, Itsasoko Amarekiko 28 segundoko aldea lortu zuten lekeitiarrek: 02.33,26 behar izan zituzten proba bukatzeko eta Santurtzikoek 03:01,70. Hirugarren sailkatu zen Lea Artibai Arraun Taldea (03:09,88).
Isuntzaren hirugarren bandera haur kategorian etorri zen, emakumezkoen lehian. Lehenengo ziaboagatik nagusi izan ziren lekeitiarrak, eta 05.03,74ko denboran egin zituzten lanak, Deustok baino lau segundo azkarrago. Talde mixtoak berriz lehia handiagoa izan zuen, eta ezin izan zuten Itsasoko Amaren (05.16,29) eta Bermeoren (05.19,70) marka hobetu. Joan-etorria 05.20,08ko denboran eginda, lekeitiarrak hirugarren sailkatu ziren. Maila berean, gizonezkoetan, Mundakak ezarri zuen denborarik onena (04.29,58); Ondarroa laugarren sailkatu zen, Busturialdeko taldeak baino 20 segundo gehiago (04.59,10) behar izan baitzituzten proba amaitzeko.
Isuntza edo Ondarroa, Ondarroa ala Isuntza. Parekotasuna izan zen nagusi kadete mailako emakumeen artean, eta azken paladetan erabaki zen bandera. Bi taldeek 55 ehuneneko aldeagaz bukatu zituzten lanak, Ondarroaren alde (07.35,60). Gizonezkoetan ere lehia estua izan zuten eskualdeko bi batelek: Itsasoko Ama eta Deustok ezarritako denboretatik urrun, hirugarren eta laugarren postuetara begira aritu ziren. Lekeitiarrak nagusitu ziren (07.06,00), segundo eta erdiko aldeagaz.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Emakumezkoen gazte mailan Deustok eskuratu zuen bandera, Ondarroa (10.13,27) eta Isuntzaren aurretik (10.19,69). Gizonezkoetan berriz, ondarroarrek beraien nagusitasuna erakutsi eta bandera bereganatu zuen. Lehen ziagoba denbora berdinean egin ostean, bigarren eta hirugarrenean lekeitiarrekiko eta santurtziarrekiko aldea handituz joan ziren. Hala, helmugara iristerako aldea ia lau segundokoa zen: 09.15,63ko denbora egin zuen Ondarroak, 09.19,28koa, berriz, Isuntzak.
Hasieratik amaierara arte menderatu zuen Zierbenak gizonezkoen 23 urte azpiko estropada, eta Isuntza bigarren posturako lehian aritu zen Itsasoko Amarekin. Estropadak aurrera egin ahala santurtziarrak hurbitzen joan baziren ere, ondarroarrek eustea lortu zuten, eta erlojua 09.21,18ko denboran geldituta —Itsasoko Amak baino 55 ehunen azkarrago—, bigarren postua poltsikoratu zuten.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Eskualdeak ordezkari bakarra izan zuen emakumezkoen absoluto mailan: Ondarroa. Lehen ziabogarako estropadari neurria hartuta zioten ondarroarrek, eta lanok iraun bitartean tinko eutsita, bandera bereganatzea lortu zuten, 10:02,45eko denboragaz, eta atzean utzi zituzten Portugalete (10.05,96) eta Kaiku (10.07,22).