Lekeitioko energia berriztagarrien komunitateko lan taldeak egingo dituzte eguaztenean
Komunitatearen helburuak eta balioak finkatuta, energia komunitatea sortzeko hurrengo pausuak ematen hasiko dira lekeitiarrak; etzi [apirilak 9] 18:30ean egingo dute hurrengo bilera, kultur etxean.

Lekeitiarrak lehenengo pausuak ematen ari dira energia berriztagarrien komunitatea sortze aldera. Proiektua sustatzen ari diren herritar talde batek joan den astean egin zuen lehenengoz proiektuaren aurkezpena, eta etzi [apirilak 9] egingo dute lehenengo bilera. Hala, talde motorrean edo lan taldeetan parte hartzeko interesa dutenek 18:30ean kultur etxeko Lea gelara joan beharko dute.
Proiektuaren aurkezpenean komunitatearen helburuak eta balioak finkatu zituzten. Hala, energia “modu kolektibo, jasangarri eta eraginkorrean sortu, kudeatu eta kontusmituko duen irabazi asmorik gabeko komunitate kohesionatua” da eraiki nahi dutena. Horretarako, Lekeitioko Udalaren babesa ere izango dute: “Proiektua baliabideekin bultzatzeko konpromisoa hartu du udalak”.
Helburua komunitate irekia izatea denez geroztik, eman beharreko hurrengo pausoen berri emateaz gain, proiektua aurrera eroateko lan taldeak eratuko dituzte biharko bileran; talde motorreko kide, lan talde bateko kide edo kide soil izateko aukera egongo da.