270 martxalarik parte hartu dute Mendexako mendi martxan
Mendexako mendi martxan elkartu ziren herritarrak iragan domekan [apirilak 6]. Eguraldia lagun eta giro apartean, 270 martxalari inguruk izena eman zuten 16 edota 9 kilometroko mendi ibilbideak egiteko. Behin ibilbideak amaituta, plazan elkartu ziren denak, jan-edanean indarrak berreskuratzeko.

Argazkia. Mendexako Udala.
09:00retan hasi zuten ibilbide luzea, eta plazatik Zuluetako errotara abiatu ziren mendizaleak, gero Okabioko lepotik Elexpuru gainera joateko. Karakola eta Egitatik pasata, eta Mendexako plazara itzuli ziren. Aukera laburra hautatu zutenek, ostera, 10:30ean ekin zioten martxari. Hasierako zatia ibilbide handiaren berbera izan zen, baina, Elexpurutik pasa ondoren, Laratrozulueta aldera jo zuten; handik Karakola eta Egita igaro ondoren, plazarako bidea hartu zuten berriro.