Artea, aldarria eta eskaintza zabala, batuta

Udaberriari atea bete-betean zabaldu zioten munitibartarrak iragan domekan [apirilak 6]. IV. Udaberriko Azokak hainbat herritar giro ederrean elkartu zituen, goizetik eguerdira bitartean. 10:00etan ipini zuten abian 30 postuz osatutako azokagunea, udal pilotalekuan. Udalerritik bertatik, Lea-Artibaiko luze-zabaletik, Busturialdetik edota Euskal Herriko bestelako txokoetatik bertaratu ziren azokara ekoizle, sortzaile nahiz artisauak, eta 15:00ak arte beren eskaintza zabala eskuragarri eduki zuten azokara hurreratu zirenek.

Argazkia: Munitibarko Udala.
Besteren artean, gastronomia produktuak, margolanak, panpinak, osagarri jasangarriak, animalientzako osagarriak edota ehunak egon ziren salgai. Gainera, aurten ere Bakioko Txerokiak taldeko kideek beren zuzeneko musikagaz girotu zuten azokagunea. Plaza aurrean abiatu zuten beren saioa, eta herriko tabernak nahiz txokoak berotu zituzten jarraian.
Horrez gain, azokak aldarri sozialetik ere eduki zuen. Izan ere, Jose Angel Uberuaga Ube artista munitibartarrak, Eskuahaldunak Euskal Herriko Eskultoreen Elkartearen izenean, artea aldarrirako funtsezko osagai modura baliatu zuen. Palestinako genozidioa salatu asmoz eta palestinarrei elkartasuna erakusteko jomugaz, herritarrekin batera performance artistikoa egin zuen plazan.