Eguenean hasiko da Markina-Xemein eta Etxebarriko 6. Pintxo Bidea
Markina-Xemeingo eta Etxebarriko hamabi tabernek parte hartuko dute aurten. Apirilaren 10etik 13ra egongo da pintxoak dastatzeko aukera, goiz nahiz arratsalde.
Markina-Xemeingo Hemen Be Bai merkatarien elkarteak seigarrenez antolatu du Pintxo Bidea, eta etzi [apirilak 10] emango diete hasiera aurtengoari. Markina-Xemeingo eta Etxebarriko hainbat taberna elkartuko ditu aurtengo aldiak ere, eta bi herrietako nahiz inguruetako biztanleei pintxoak dastatzera joateko deia egin diete antolatzaileek. Urteroko legez, Markina-Xemeingo Udalaren eta Etxebarriko Udalaren laguntzagaz antolatu dute lehiaketa.
Hamabi tabernak parte hartuko dute aurten. Markina-Xemeingoak 11 izango dira: Iru-zubi, Mendibil, Mugarri, Melo’s, Naroki, Toldope (lehenengoz parte hartuko du), Ilunpe, Kintal, Irurok, Patxua eta Vega. Etxebarritik, ostera, Antsotegik baino ez du parte hartuko. Iaz, esaterako, Ilunpe tabernako Primavera pintxoak irabazi zuen lehiaketa.
Pintxoei dagokienez, taberna bakoitzak pintxo bana aurkeztu du lehiaketara. Aurtengoa, gainera berrikuntza “garrantzitsu” batekin dator: “Orain arte ez dugu eduki, eta aurten alergenoak sartu ditugu. Eskatu egin izan dizkigute, eta egoki ikusi dugu ipintzea, denek aukera izan dezaten pintxoak dastatzeko”.
Hala, 1,80 euroren truke dastatu ahal izango dira pintxoak, apirilaren 10etik 13ra bitartean. 12:30etik 14:30era edo 18:30etik 21:30era egongo dira pintxoak. Lau sari banatuko dituzte: bi tabernarientzat eta beste bi, bezeroentzat. Tabernariek pintxo onenaren saria eta bezeroek aukeratutako pintxorik onenaren saria eskuratuko dute; pintxo onenaren epaile profesionalek emango dute. Bezeroentzat, ostera, bi zozketa egingo dituzte: “Alde batetik, pintxo denak probatu dituztenak 50 euroko zozketa batean sartuko dira; tabernetako bakoitzak zigilu bat emango die, eta denak dituztenek parte hartuko dute zozketan. Bestalde, denak probatu ez arren irabazlea asmatzen dutenak beste zozketa batean sartuko dira. Izan ere, hasieran taberna gutxik parte hartzen zuten, baina jada hamabi dira parte hartzaileak, eta jende asko ez da denak probatzera heltzen. Beraz, denek zozketan parte hartzeko aukera eduki dezaten, bi aukerak eman nahi izan ditugu”.
Iaz 4.000 pintxotik gora saldu zituzten, eta aurtengoan ere hala izatea espero dute: “Urtero 4.000 pintxo baino gehiago saltzen ditugu, erantzun ona edukitzen du jendearen artean. Gure helburua herriko ostalaritza eta merkataritza bultzatzea da, eta uste dugu lortzen dugula honekin. Ze, pintxoak tabernetan izan arren, bertaratzen direnek inguruko dendetan erosten dituzte produktuak, eta baita ostalariek eurek ere. Jendea mugitu egiten da herrian eta giro polita sortzen da; ekintza polita da bertokoentzat nahiz ingurukoentzat”.
Hauek izango dira taberna bakoitzean dastatu ahal izango diren pintxoak:
- Iru-zubi. Patakoi beteak: banana arra, oilar mokoa eta txahal haragia.
- Mendibil. Txerria eta baratzea: tomatea, barazkiak eta urdaiazpikoa.
- Mugarri. Gazi gozo: hostorea, hirugiharra eta tipula sueztitua.
- Melo’s. Zerua: okela, piperra eta patata.
- Naroki. Goxomillo: haragia, barazkiak eta esne-gaina.
- Toldope. El bolon: banana arra, behi haragia eta ahuakatea.
- Ilunpe. Tentacion: platanoa, gazta eta haragia.
- Kintal. Koral: olagarroa, tipula eta patata.
- Irurok. Marigorri: kalabazina, urdaiazpikoa eta gazta.
- Patxua. Mariposa: bakailaoa, tipula eta irina.
- Vega. Mosaico: odolkia, sagarra eta gazta.
- Antsotegi. SantaKroke festa: gazta eta sagar gozoa.