Eskualdeko kooperatibek hamaikakoa aurkeztu dute
Euskaraldiagaz bat egin eta Euskoopaldia topaketa ospatu dute Maier, Burdinola, Kide, Cikautxo eta Eika kooperatibek, giro "atsegin eta parte hartzailean".

Asko dira hamaikakoa aurkeztu duten herriak, elkarteak nahiz taldeak. Euskaraldiaren laugarren aldiagaz bat egin, eta Kooperatiben Mahaia Elkarteak antolatuta, Lea-Artibai eta Busturialdeko kooperatibek Euskoopaldia ospatu zuten joan zen zapatuan [apirilak 5]. Etxebarrian elkartu ziren Maier, Burdinola, Kide, Cikautxo eta Eikako ordezkariak elkartu ziren, elkar ezagutzeaz gain, “kooperatibagintzaren esperientziak partekatu eta euskararen biziberritzean lankidetzan aritzeko” helburuarekin.
Hala, topaketa “giro atsegin eta parte hartzailean” egin zuten Eikako lantegian: “Kooperatibagintzak dituen zailtasun eta erronkei buruz jardun genuen. Testuinguru horretan, euskara planean bizi izandako esperientziak, lorpenak eta etorkizuneko erronkak ere partekatu genituen”. Euskararen normalizazioan “aktiboki” lanean diharduten kooperatibak dira Euskoopaldian parte hartu zuten denak, eta hala, Euskaraldiko kooperatiben hamaikakoaren argazkia atera zuten: “Zapatuko topaketa pauso garrantzitsa izan zen kooperatiben arteko lankidetza, konfiantza eta euskararen aldeko konpromisoa indartzeko”.