Lekeitioko Udalak, gaur gaurkoz, ez ditu etxebizitza turistikoen lizentzia gehiago emango
Osoko bilkuran aho batez hartu dute erabakia. Jakitera eman dutenez, ezingo da etxebizitza turistiko gehiago ipini herrian HAPOn aldaketa puntuala egin arte. Aurreikusi dutenaren arabera, prozesuak bi urte inguru iraun ditzake.
Lekeitioko Udalak iazko maiatzean ekin zion etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko prozesuari, HAPOn aldaketa puntual bat egiteko asmoz. Aurreikusi dutenez, prozesuak bi urte inguruko iraupena izan dezake, eta beraz, asteleheneko [apirilak 7] osoko bilkuran aho batez erabaki zuten etxebizitza turistikoen lizentziak geldiaraztea: “Erabaki horri esker, arau egokitzapena (HAPOn aldaketa puntuala) egin arte eten egingo da herrian etxebizitza turistiko gehiago ipintzeko aukera”.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitza turistikoen ratio altuenetakoa duten herrien artean dago Lekeitio: “Gutxi gorabehera 92 etxe turistiko erregulatu ditugu momentu honetan herrian. Erregulatu gabeen zifrarik ez dagoen arren, askoz gehiago izango direla sumatzen da”.
Udala jakitun da herritarren “arazo nagusienetariko bat” etxebizitzaren gaia dela: “Etxebizitza turistikoen fenomenoa mundu guztian hedatuta dago, eta zoritxarrez, Lekeition ere fenomeno hori arazo bilakatu da”. Arazoa aztertu, eta duela hilabete argitaratu zuten Lekeitioko metabolismo demografikoaren eta etxebizitza beharraren azterketa, eta bertatik hiru ondorio nagusi atera zituzten: herriko biztanleria modu nabarmenean zahartzen ari dela, gazteak herritik joaten ari direla eta etxe huts “pila bat” dagoela herrian. “Horrela jarraituz gero, etorkizunerako herri moduan ditugun aurreikuspenak ez dira batere onak”, adierazi dute.
Etxe hutsei, alternatiba. Udalak nabarmendu duenez, diagnostikoak “argi” erakutsi du Lekeition etxe hutsekin ere “arazo larria” dagoela. Dituzten datuen arabera, Lekeitioko etxebizitzen %17,2 (909 etxebizitza) etxe hutsak dira: “Hau da, urte guztian inor ez da egoten bertan. EAEko etxe hutsen bataz bestekoarekin alderatuta, oso goitik dago Lekeitioko datua. Gogoratu beharra dago Lekeitioko etxebizitzen %57,4 bakarrik dela lehenengo etxebizitza. %25,4 bigarren etxebizitza da, eta gainontzekoak, etxe hutsak dira”.
Halaber, udalak eta Alokabidek hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren ondorioz, udalak herriko etxe hutsen jabeei informatuko die Alokabidek ematen dituen aukerez, etxea urte osorako alokairuan ipintzeko helburuagaz. Alokairuok sei urterako izan ohi dira, eta Alokabidek etxea zaintzeko konpromisoa hartzen du etxe jabeekin.
Beste alde batetik, Karabia eremuan etxebizitza sozialak egiteko Plan Bereziaren hasierako onarpena aztertu zuten asteleheneko [apirilak 7] osoko bilkuran. Behin hori onartuta, alegazioak egiteko 45 laneguneko epea zabaldu dute; ostean, behin betiko onarpena ematen dietenean, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da proiektua. Jakitera eman dutenez, Eusko Jaurlaritzak kudeatuko lituzkeen 60 etxebizitza izango lituzke Karabia proiektuak, denak ere, alokairura bideratutakoak. Hala ere, gogorarazi dute oraindik “urte batzuk” beharko direla proiektua egiteko.
Iazko likidazioa. Udalak 11.182.584 euroko aurrekontua onartu zuen joan den otsailean, eta astelehenko osoko bilkuran jakitera eman zutenez, iazko likidazioa egin ostean 1.700.000 euro inguru gehiago eskuratzea aurreikusten dute: “Hau egin ditugun inbertsioetatik jasotako diru sarrerei eta jasotako diru laguntzei esker da. Zerbitzu publikoetan eraginkortasunari begira egindako zuzenketei esker ere gastuak murriztu egin dira. Luzera begirako ikuspegi estrategikoz gabiltza lanean, eta garrantzitsua da ekonomikoki ere herria sendo egotea”.
Likidazioaren ostean udalak lau proiektu nagusi bultzatuko ditu ekonomikoki. Alde batetik, 200.000 euroko diru partida bideratuko dute Alde Zaharra arautzen duen plan berezia egitera. “30 urte ditu gaur egungoak, eta honek obrak egiterakoan arazoak sortzen ditu”, azaldu dute. Bestalde, Zumatzeta berriztu egingo dute: “50 urtetik gora dituen auzoa da, eta berriztu egin behar da. Gainera, zirkulazio arazoak daude bertan. Aurten proiektua egingo da, orain arte ez bezala”. Eluntzetari dagokionez, ostera, oinezkoen pasabidea egingo dute.
Aparkalekuei dagokienez saihesbideko bi aparkalekuak erosteko 150.000 euroko diru partida bideratuko dute. Jakitera eman dutenez, erosketa egiteko gestioan dabil udala Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Era berean, udaletik adierazi dute begi onez ikusten dutela EAJ aparkalekuen erosketaren alde egoteaz, “aparkaleku sistemaren aurkako jarrera duela jakinda”.
Gogorarazi dute aurtengo ikasturtean gobernantza kooperatiboari “garrantzia berezia” emango dietela, herritarrek herriko erabakietan zuzenean parte hartu dezaten. Horretarako, zazpi parte hartze prozesu egingo dituzte: harrera plana, herriko hausnarketa estrategikoa, txakur eta kaleko katuen inguruko hausnarketa, etxebizitza turistikoak, UdalHez hezkuntza proiektua, kirol arloaren plan estrategikoa eta gazte plana. Udalak adierazi du helburua herritarrak zaintzea dela, eta horretarako “ondo bizitzeko erronka eta proiektuak” ipiniko dituztela martxan: “Bide horretan, herritarrak protagonista izan behar dira eta aurten horretarako aukera zabala izango dugu”.