Martxan da Aulestiko leiho, balkoi eta etxaurreetako loreen bigarren lehiaketa
Ekainaren 13rako gune guztiak prest egon beharko dira, epaimahaiak baloratu ahal izateko.

Leiho, balkoi eta etxaurreetako loreen lehiaketaren bigarren edizioarekin dator aurten Aulestiko Udala. Joan den urteko “arrakasta” ikusirik, berriro errepikatzeko ideia izan dute aulestiarrek, eta lehiaketako oinarriak zehaztu dituzte. Interesa duen orok parte hartu dezake; hau da, edonork proposatu ahalko du balkoi, leiho edo etxaurre bat epaimahaiak kontuan hartzeko. “Lehiaketan parte hartzeko etxeetako leihoak, balkoiak edota etxaurreak lorez edota landare naturalez apaindu beharko dira, baina apaindutako gunea kaletik edo etxe aurretik begiratuta ikusteko moduan egon beharko da”. Gainera, Aulestiko Udaletik jakinarazi dutenez, lore apainketaren diseinua “erabat librea” izango da. Hala, gune guztiak ekainaren 13rako [barikua] prest egon beharko dira, “epaimahaiak baloratu ahal izateko”.
Epaimahaiak bi irizpide hartuko ditu kontuan irabazleak izendatzeko orduan: Batetik, lore konposizioaren bolumen eta koloreen konbinazioa; eta bestetik, leiho eta balkoiaren kokapenaren arabera egindako egokitzapena. Antolatzaileek zehaztu dutenez, hiru sari banatuko dira kategoria bakoitzean: 50, 30 eta 20 euro ingurutan baloratutako landareak lehen, bigarren eta hirugarren sarituarentzat. “Sari banaketa San Joan jaietan egingo da, sobra txapelketaren ostean”. Aulestiko Udalak aukeratutako lau herritarrek osatuko dute epaimahaia, eta bakoitzak hiru boto eman ondoren, hiru lan bozkatuenek jasoko dute saria.
Lehiaketan izena emateko udaletxera joan edo administraria@aulesti.eus helbidera idatzi beharko dute interesdunek. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, 94 627 90 06 telefonora deitzeko aukera ere badago.
Antolatzaileek adierazi dutenez, lehiaketan parte hartzeko aurretiaz aipaturiko oinarriak onartu beharko dira: “Gainera, arautu gabeko edozein kasuren aurrean, Aulestiko Udalak dituen erabakiak ere onartu beharko dira”.