Mutriku nagusi, Gipuzkoako Batel Liga zein txapelketan
Txapelketako 12 estropadetik 9tan gailenduta, haur mailako nesken Mutriku A taldeak Gipuzkoako Batel Liga irabazi du, Mutriku Bren aurretik. Gipuzkoako Batel Txapelketan berriz, Mutrikuk Bk eskuratu du bandera.

Gogoratzeko asteburua bizi izan dute Mutriku Arraun Taldeko arraunlariek. Zapatuan [apirilak 5], Pasaiako uretan, Kluben Arteko Gipuzkoako Batel Ligaren azkenengo jardunaldia lehiatu zuten, eta behin denboraldiko emaitza guztiak batuta, bandera bategaz itzuli ziren etxera.
Nesken haur kategorian lau ordezkari izan ditu talde mutrikuarrak, eta lehen biak (Mutriku A eta Mutriku B) sailkapen orokorreko lehen bi postuetan sailkatu dira, 149 eta 137 puntugaz, hurrenez hurren. Izan ere, Mutriku Ak lehenengo postua lortu du denboraldiko 9 estropadatan (guztira 12 izan dira). Beste hiruretan, berriz, Mutriku Brentzat izan da garaipena, zapatuko estropadan kasu. Mutriku C eta D taldeak bestalde, zazpigarren eta bederatzigarren postuetan amaitu dute liga.
Gipuzkoako Batel Ligako azken jardunaldiak domekan [apirilak 6] lehiatu zuten Gipuzkoako Batel Txapelketarako sailkatzeko balio izan zuen. Domekako estropadan Mutriku B-k Zarautz, Tolosaldea A eta Zumaia izan zituen parez-pare, eta gogotik lan egin behar izan zuen bandera eskuratzeko. Lehen ziabogara iristerako hiru segundoko aldea zuen Zarautzekiko, eta bi batelen arteko aldeak gora egiten jarraitu zuen estropadak iraun bitartean. Hala, mutrikuarrek 05.02,59ko denboran gelditu zuen erlojua. Lehia estuena gainontzeko hiru taldeen artean bizi izan zen, hiru taldeak segundo bat eta 52 ehuneneko tartean hemugaratu ziren: Zarautzek 5.11,83 behar izan zituen lanak amaitzeko (+0.09,24), Tolosaldea Ak 05.12,89 (+00.10,30) eta Zumaiak, bestalde, 05.13,35 (+00.10,76).

Argazkia: Mutriku Arraun Taldea
Euskadiko Txapelketa
Txapelketa probintzialak igarota, arraunlariak asteburuan Legution lehiatuko duten Euskadiko Batel Txapelketara begira daude. Zapatuan [apirilak 12] 10:00etan hasiko dira kanporaketak, eta erlojuaren aurka (2 kaletara) jokatuko direla azaldu du Euskadiko Arraun Federakuntzak. Apirilaren 13ko finalak aldiz, 10:00etan hasiko dira eta 4 kaleetara jokatuko dira, ohiko formatuan.
Espainiako Batel Txapelketa, bestalde, apirilaren 26 eta 27an jokatuko dute, Castro Urdialesko uretan.