Ondarroako Udalak ikasgela berria zabaltzeko hitzarmena sinatu du Andra Mari Parrokiarekin
San Inazio kaleko Antiguako Ama Arrantza Eskola izan zen eraikineko beheko solairuan egongo da ikasgela berria.

Ondarroako Udalak eta Andra Mari Parrokiak gaur [apirilak 8] sinatu duten hitzarmenari esker, ikasgela berria martxan egongo da datorren ikasturtean, Arrantza Eskola izan zen eraikineko beheko solairuan. Eraikina Ondarroako parrokiarena den arren, hitzarmenaren ondorioz, udala arduratuko da gelaren barruko muntaketa guztiaz. Irina Alkorta Bedialauneta jarduneko alkateak eta Jabier Etxebarria Mugarza Andra Mari Parrokiako alkateak sinatu dute hitzarmena.
Hala, lehen KZgunea zen espazioa izango da aurrerantzean ikasgela. “Herri erdian dago, 60 metro karratu ditu, irisgarria da (eskailerak jaitsi eta igotzeko plataforma dago), komun propioa dauka eta uste dugu ikasketa gela batek izan behar dituen baldintza guztiak betetzen dituela”, zehaztu du Alkortak.
Ondarroako Udaletik jakinarazi dutenez, Andra Mari Parrokiak doan utzi dio azpiegitura berria udalari. Horrenbestez, Alkortak udalaren esker ona adierazi dio parrokiari: “Udaletik eskerrak eman nahi dizkiogu Ondarroako Andra Mari Parrokiari, herriak behar zuen azpiegitura berri hau prestatzeko bidelagun izateagatik”.
Udalerriko gazte talde zein norbanako desberdinak Ondarroan ikasgela baten beharra zegoela azalduz joan ziren udaletxera, Txomin Agirre Udal Liburutegiko ikasgelak ez zituelako zenbait baldintza betetzen: “Begi onez ikusi genuen hasieratik beraien ideia eta orduan hasi ginen lanean. Ez da erraza izan lokala aurkitzea, ezaugarri oso bereziak izan behar baititu, eta helburua ikasteko espazio eroso bat izatea baita: zaratarik gabea, komun propioarekin, funtzionamendu independentea izateko aukera ematea, edukiera, kokapena.., eta nola ez, irisgarria izatea”. Aukera desberdinak mahaigaineratu ondoren, parrokiaren lokala “begi onez” hartu zuen udalak, baita, udalarekin “elkarlanean” ibili diren gazteek ere. “Beharrezkoak diren egokitzapen guztiak egin ostean, 2025-2026 ikasturterako zabalik egotea nahi dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan bidelagun izan ditugun gazteei ere, eta baita eragile eta norbanako gisa etorri direnei ere”.
Ondarroako Udalak martxoaren 13an [eguena] gauzatutako herri batzarrean eman zuen hitzarmenaren berri, eta hiru asteren ostean, gaur sinatu du ikasgela berria sortzeko espazioa eskuratzeko hitzarmena. “Behin hitzarmena sinatuta, funtzionamendurako irizpideak eta arauak ezartzeko unea da orain: ordutegia, sarrera-irteerak, konexioak… Ordutegi malgua eta sarrera kontrolatua izango ditu azpiegitura berriak. Inguruko herri batzuek badauzkate ikasketa gelak eta horien funtzionamenduak aztertuta ari gara lanketa egiten”.