Udaberriko egitarau "bereziarekin" dator Mutrikuko Balira irakurle taldea
Herriko gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin sortu zen taldea azaroan. Ordutik, ekimen desberdinak gauzatu dituzte, eta orain, udaberriko egitarau "zabala" aurkeztu dute.

Mutrikuko zenbait gaztek Balira irakurle taldea sortu zuten azaroan, literatura tresna politiko eta sozial gisa ulertu, eta herriko gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin. Barikuetan Mutrikuko Gaztetxean izaten dute hitzordua, liburuak “komentatu, hausnartu eta eztabaidatzeko”. Sorreratik zenbait ekimen antolatu dituzte, eta oraingoan, udaberriko egitarau “berezia” aurkeztu dute.
Hala, apirilaren amaieran bi hitzordu zehaztu dituzte; lehenengoa, apirilaren 25ean [barikua] izango da, 19:30ean, eta Joseba Sarrionandiaren Ez gara gure baitakoak liburuari buruz arituko dira. Bigarrena, apirilaren 30ean [eguaztena] izango da, eta Mikel Laboaren kantugintza hizpide, solasaldia antolatu dute, 18:00etan. Ondoren, 19:30ean, Biharraren hegietan poema errezitaldia egongo da Maddi Sarasuaren eskutik. Julen Lezaun, Ainhoa eta Ixak Sarasua arduratuko dira errezitaldia musikaz girotzeaz. Ekimen guztiak Mutrikuko Gaztetxean izango direla jakinarazi dute Balira irakurle taldeko kideek.