Bertso bazkaria egongo da apirilaren 26an, Ondarroan
Sarrerrak salgai daude Kurike dendan eta Antiguako Ama tabernan.
Ondarroako Bertsutan Bertso Eskolak bertso bazkaria antolatu du apirilaren 26rako [zapatua], bertsogintza herrian bultzatzeko helburuagaz. “Herrian bertso saioen zirkuito bat antolatu nahi genuen, eta horren harira antolatu genuen udazkenean lehenengo bertso bazkaria. Oraingoa bigarrena izango da, eta bi saioak urtero mantentzea da asmoa, herrian bertsogintza bultzatzeko”. Antiguako Ama tabernan egingo dute bertso bazkaria, 14:00etan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Kurike dendan eta Antiguako Ama tabernan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aforoa mugatua izango da; beraz, ondarrutarrak “azkar” ibili beharko direla adierazi dute: “Sarreren salmenta martxa onean doan arren, apirilaren 26ko astera arte egongo dira salgai”. Sarrerak 33 euro balioko ditu, eta entsaladak, marmitakoak eta postreak osatuko dute menua.
Alexander Idoeta ondarrutarra, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus izango dira bertso bazkaria girotuko duten bertsolariak, eta gai jartzaile lanetan Iñaki Lersundi arituko da. “Potentzia handiko bertso bazkaria egin nahi genuen, eta horregatik egongo da hirukote hau”. Bertsutan Bertso Eskolaren helburua herritar gehiagorengana heltzea da, eta aurrera begira, herriko zein eskualdeko bertsolariekin ere antolatu nahi dute hurrengo bazkaria: “Antolatzen ditugun bazkarietan publikoaren batez besteko adina nahiko altua da, eta horregatik, gazteengana hurbiltzeko apustua ere egin nahi dugu”.