Hiru ondarrutarrek parte hartuko dute Pabellon 6eko Antzerki Arinen Jardunaldietan
Nerea Gartziak eta Ainhoa Etxebarriak 'Hil da jainkosa' lana antzeztuko dute, eta Ugaitz Alegriak 'Destiny Driver', Getari Etxegarairekin batera.

Barikuan [apirilak 12] emango diote hasiera Bilboko Pabellon 6eko Antzerki Arinen Jardunaldien hamabigarren edizioari, eta lau asteburutan guztira 16 estreinaldi oholtzaratuko dira: “Apirilaren 11tik [barikua] maiatzaren 4ra [domeka] bitartean gauzatuko dira jardunaldiak, eta ia 40 antzezle igoko dira taulara. Formatu txikiko antzezlanen esparruan urteroko hitzordu garrantzitsu gisa finkatuta daude jardunaldiok, eta bertan estreinatutako pieza asko gerora hainbat herritan, jaialditan eta antzerki laburreko jardunaldietan egoten dira ikusgai”. Hala, aurten, hiru ondarrutar egongo dira jardunaldietan. Alde batetik, Nerea Gartziak eta Ainhoa Etxebarriak Hil da jainkosa antzezlana aurkeztuko dute, eta beste aldetik, Ugaitz Alegria Destiny Driver lanagaz oholtzaratuko da, Getari Etxegarairekin batera. Bi antzezlanak euskaraz izango dira.
Duela urte batzuk sortutako Bibitxa emanaldia berreskuratu nahian, ideia berria bururatu zitzaizkien Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartziari, eta hortik tiraka jaio zen Hil da jainkosa antzezlana. “Antzezlan bat entseatzen gauden bitartean beste zerbait sortzeko ideiak etortzen zaizkigu burura, eta behin, heriotzari buruz hizketan ari ginela, Hil da jainkosa antzezlana sortzeko ideia izan genuen”. Hasieran formatu luzeko antzezlana bazen ere, Antzerki Arineko Jardunaldietara aurkezteko formatu txikira pasa zuten: “Gure apustua beti izan da ondarrutar edo bizkaieraz antzeztea, eta Antzerki Arineko Jardunaldietara aurkeztu eta baiezkoa eman zigutenean, ilusio handiarekin hartu genuen proiektua, antolatzaileek ere guk egindako apustuaren alde egin baitzuten”.
Umorea oinarri, hileta baten antzezpena egingo dute Gartziak eta Etxebarriak: “Nerea Gartzia Gartziaren hiletaren antzezpena egingo dugu. Aktorea da bera, eta ez da heldu nahi zuen lekuraino. Beraz, bere hileta erabiliko du distira egin eta famatu bilakatzeko”. Hala, hiletetan gertatzen diren momentu komikoak islatzeaz gain, gai desberdinak landuko dituzte bi ondarrutarrek: “Gaur egungo egozentrismoa, heriotzarenganako beldurra, edota honen aurrean hartzen dugun jarrera ere izango dira antzezlanean landuko ditugun gaiak”. Lehen aldiz aurkeztuko dira biak batera Antzerki Arineko Jardunaldietara, eta “ilusioarekin” daudela adierazi dute. Gainera, herritarrei antzerkia ikustera joateko gonbita luzatu diete: “Apirilaren 18an 19:30ean, 19an 20:30ean eta 20an 13:00etan eta 20:00etan egongo gara Pabellon 6en. Beraz, oporretara joan beharrean, Lea-Artibai eta Ondarroako herritar guztiak gure antzezlana ikustera gonbidatu nahi ditugu”. Gaineratu dute, antzezlaneko arropak Jone Gonzalez Nelez ondarrutarrak egin dizkiela, eta atrezzoan Lorak Esther dendak ere lagundu diela.
Aurrera begira Hil da jainkosa antzezlanarekin Euskal Herrian bira bat egitea da bien asmoa: “Pabellon 6 plaza polita da horrelako antzezlana aurkezteko. Aurrerago ikusiko dugu nola funtzionatzen duen, baina gure asmoa, antzezlan honekin leku desberdinetara heltzea da, formatu luzean zein motzean. Gainera, maiatzaren 9an [barikua] Mañarian antzeztuko dugu formatu luzea lehen aldiz. Ondoren, produkzio lanari ekingo diogu”.
Bestalde, Ugaitz Alegria Destiny Driver antzerkiagaz taularatuko da Antzerki Arineko Jardunaldietan, Getari Etxegarairekin batera. Zeinek daki konpainiaren lana da honakoa, Markos Goikoleak idatzitakoa, eta Olatz Ganboak zuzendutakoa. Gainera, Cafe Bilbao Tartean Teatroa antzerki testuen lehiaketan aurtengo testu irabazlea da.

Ugaitz Alegria eta Getari Etxegarai. Argazkia: Destiny Driver.
XXII. mendeko bi pertsonen arteko zita batean oinarritutako antzezlana da, eta Destiny Driver izeneko software batek erabakiak hartzeko bidea errazten dio erabiltzaileari; hau da, Gizakiek etorkizuna irudikatzeko gaitasuna algoritmo baten esku utzi dutenez, etorkizunaren ziurgabetasuna desagertu egiten da, begiak ixterakoan bi etorkizun posible ikusteko aukera emanez: “Orain, ezagutu berri den bikote honek beraien etorkizun propioa imajinatu ala software honek esaten dienez fidatzearen artean erabaki beharko du”. Hala, etorkizuna aurretik ezagutzearen inguruko abantailez eta desabantailez arituko dira antzezlanean. Maiatzaren hasieran egongo da Destiny Driver antzezlana Pabellon 6en: Maiatzaren 2an 20:30ean, 3an 19:30ean eta 4an 13:00etan eta 19:00etan.
Lehiaketako lau asteburuak igaro ondoren, maiatzaren 9an eta 10ean pieza gonbidatuak egongo dira, eta maiatzaren 11n, sari banaketa egingo da. Guztira 5 sari banatuko dira: Muntaia onenari Alex Angulo saria (Bilboko Udalaren Kultura Sailaren laguntzarekin), Euskarazko lan onenari Kriselu Saria (Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin), Cafe Bilbao Tartean Teatroa Sari Berezia, Antzezle Onenaren Saria Pabellon 6 Antzerki Laborategiaren eskutik eta Publikoaren Saria.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, antzezlan guztiak Pabellon 6en antzeztuko dira, eta piezak zapatu eta bariku arratsaldeetan (19:30etik aurrera) eta domeketan goizez (12:00etatik aurrera) eta arratsaldez (19:00etatik aurrera) izango dira. “Sarrerei dagokienez, bi bonu mota egongo dira. Bonu bat eguneko pieza guztiak ikusteko 17 eurotan eta bi pieza ikusteko bonu itxia, 10 eurotan”. Sarrera guztiak Pabellon 6en webgunean edota txarteldegian eskuratu daitezke. Bi piezako bonuak, ordea, emanaldiaren egunean egongo dira leihatilan.