Lekeitioko EAJk EH Bilduren udal gobernuaren proiektu berrien falta salatu du
Jeltzaleek salatu dutenez, astelehenean [apirilak 7] burututako osoko bilkuran "agerian" geratu zen udal gobernuaren "inmobilismoa eta gestiorako eta etorkizunera begirako proiektu falta".
Lekeitioko EAJk aurreikusten duenez, 2.332.512 euroko kreditu gehigarria lortuko du Lekeitioko Udalak 2024ko likidazioa egin ostean. Gerakin orokorretik, ostera, 1.968.258 euro bideratzea erabaki dela azaldu dute, eta aurreikusitako gastuetan aurreikusita dauden “inbertsio bakarrenetarikoak” Lekeitioko EAJk proposatutakoak direla. Hala, jeltzaleek salatu dutenez, astelehenean [apirilak 7] burututako osoko bilkuran “agerian” geratu zen udal gobernuaren “inmobilismoa eta gestiorako eta etorkizunera begirako proiektu falta”: “Ez dago Lekeitio hobetzen jarraitzeko inbertsio proiektu berririk”.
EAJk egindako proposamen horien artean daude Zumatzeta eta San Inazio inguruaren berriztatze prozesuan aurrera jarraitzeko proiektua eta eraztun berdea amaitzeko Eluntzetako bidea saihesbidearekin eta Lea ibilbidearekin lotuko duena oinezkoen bidea egitea. Era berean, Alde Zaharra birgaitzeko plan berezia egunerako prozesuari hasiera ematea ere onartutako proposamenetako bat da. Bestalde, jeltzaleek Musikaia Musika Eskola 2025-2026 ikasturtean izaera publikoko musika eskola modura hasteko diru partida gehitzea eskatu zuten, eta hura ere onartutako proposamenen artean dago.
Aparkalekuak. Azkenik, jeltzaleek saihesbideko aparkalekuak erosi eta Lekeitioko udalerriaren jabetzakoak izateko diru partida sortzea proposatu zuen EAJren udal gobernu taldeak. Saihesbideko aparkalekuak erosteko diru partida egongo den arren, EAJren udal taldeak salatu du aparkaleku sistema berria “hobetzeko” egin dituzten sei ekarpenak ez dituela EH Bilduk onartu: “Martxoaren 26an burutu zen Ogasun Batzordean aparkaleku arautuaren udal zerbitzuaren ordenantza aldatzen duen ordenantza zirriborroa aurkeztu zen. Pozik hartu genuen ordenantza zirriborroa aurkeztu izana, azkenean, urtebeteren eta hainbat jakinarazpen egin ostean, 2024ko udaldian indarrez (Alkate Dekretu bidez) ipini zen araututako aparkaleku sistema berriak legezkotasun neurri guztiak bete ditzan”.
Alde batetik, Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga, Aulesti, Ispaster eta Eako biztanleei gune berdean aparkatzeko txartela eskuratzeko aukerarik ez ematea proposatu zuten, eta ostatu turistikoei, ostera, txartel berdea eskatzeko aukera ematea noizbehinkako bezeroei aparkatzeko aukera emateko. Azken proposamen horren baldintzen artean ipini zuten espazio publikoko aparkaleku plazarik ez duten ostatu turistikoak izatea (etxebizitza turistikoak izan ezik) eta gehienez txartel bat ematea egindako erreserba bakoitzeko. Ildo beretik, jeltzaleek eskatu zuten txartel berdea eskuratzeko aukera ematea egoiliarrak ez diren baina familia edo ahaideen zaintza ardurak Lekeition burutzen dituztenei.
Bestalde, etxebizitza propioa duten edota alokairuan egonaldiak egitenez dituzten ez egoiliarrei etxebizitza bakoitzeko txartel berde bakarra eskuratzeko aukera ematea eskatu zuten; baldintzen artean ipini zuten etxebizitzaren jabea autoaren titularra izan beharko zela eta errentariak gutxienez hilabeteko errentamendu kontratua izan beharko lukeela.
Era berean, garajea jabetzan edo alokairuan duten eta txartel berdea eskatzen ez duten egoiliarrentzat hobari fiskal bat ezartzea eskatu duten, trakzio mekanikoko ibilgailuaren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean.
Azkenik, aparkalekuei dagokienez, anbulatorio aurrean ibilgailu guztientzat errotazio handiko eremua sortzeko eskatu zuten, gutxienez bost aparkalekuz osatutakoa eta 120 minutuko aparkatzeko gehieneko baimenarekin.