Behatokiak dei egin die herritarrei hizkuntza eskubideekiko egoera bidegabeak salatzera
Euskararen Telefonoaren bidez, 1.206 intzidentzia jaso zituzten iaz, eta horietatik 1.112 kexak izan ziren, 62 zoriontzeak eta 32 kontsultak, iradokizunak edo bestelakoak. Hala ere, kasu horiek errealitatearen lagin txiki bat besterik ez direla diote Behatokikoek.

Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du, zeinetan iaz Euskal Herrian zehar hizkuntza eskubideekiko eman ziren gertakariak zein hutsuneak arloz arlo aztertzen diren. Hala, txosten horretan, Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez iaz jasotako intzidentzia guztiak ageri dira: guztira 1.206 intzidentzia jaso zituzten, eta horietatik 1.112 kexak izan ziren, 62 zoriontzeak eta 32 kontsultak, iradokizunak edo bestelakoak.
Hala ere, Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendari bermeotarrak eta Garbiñe Petriati teknikariak esan dute kasu horiek errealitatearen lagin txiki bat besterik ez direla, eta egunerokoan herritarrek salatu gabe gelditzen diren urraketak “zenbaezinak” direla. Hori dela eta, Behatokiak dei egin du Euskal Herri osoko herritarrei euskararen normalizazio ezaren adierazgarri diren egoera bidegabe guztiak azaleratzera: “Eskubide urraketak onartu beharrean, hauek desnaturalizatzera, problematizatzera deitzen ditugu herritarrak. Isildu beharrean, salatu”.
Izan ere, Gaubekak esan du iazko hizkuntza eskubideen egoera aurreko urteetako hutsuneen “isla” dela: “Euskararen Telefonoaren bidez jaso diren kasu horiek, batik bat, administrazio eta agintari publikoak jartzen dituzte fokuan, araudiez eta lege babesaz ere arduratzen direlako. Baina eremu sozioekonomikoko enpresa zein eragileak ere jarri dituzte fokuan, esparru horretako joko arauak ere botere publikoek erabakitzen dituztela kontuan hartu behar delako”. Ondorioz, bere iritziz, iazko urtean ez zen euskararen goera hobetu.
Balantzan, gaztelera eta frantsesaren nagusitasuna “argiak” dira, eta idatziz zein ahoz euskarazko informazioa jaso edo euskara erabiltzeko “ezintasun eta trabak” daude “euskararen lurralde osoan”. Askotan, gainera, urraketa horiek “betikotzeko” saiakera atzeman dute, jasotako kexei emandako erantzunetan: “Herritarrak gaztelera eta frantsesa erabiltzera bultzatzen eta euskarazko arreta ez emateko trikimailu legalak legitimatzen jarraitzen dute erakundeek, urraketei emandako hainbat erantzunetan”.
Eremu pubikoa.
Hizkuntza eskubideek eremu publikoan duten egoerari buruz, Behatokiko ordezkariek esan dute Espainiako Estatuaren administrazioan “ofizialtasun bikoitza ez errespetatzea” izan dela joera, euskarazko zerbitzuekiko betebeharrak finkatu gabe dituztelako. Ondorioz, salatu dute euskalduna babesik barik gertatzen dela hizkuntza eskubidea errespetatzeko eskatzen duenean. Eta hori datuek erakusten dute, ze, beste urte batez, justiziaren administrazioa eta Espainiako Gobernuak kudeatutako enpresa publikoak izan dira kexa gehien jaso dituztenak.
Frantziako Estatuaren administrazioek bide bera jarraitzen dute. “Nolabaiteko aitortza kulturala eman arren, hezkuntzan euskarazko irakaskuntzak oraindik dituen oztopo nagusiak aitortza ukazio horren adierazgarri dira, baina baita, hainbat esparrutan, euskararen presentzia eza ere”, esan du Gaubekak, eta gehitu du aitortza eta baliagarritasuna duen hizkuntza bakarra frantsesa izaten jarraitzen den artean, “gutxiagotutako hizkuntzetako herritarren ukazio sistematikoa egiten jarraitzen” dela.
Bestalde, Euskal Hirigune Elkargoaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren kasuan, aurreko urteteako egoerak “gainditu barik” jarraitzen duela esan dute, neurriak hartzea falta dela azpimarratuta. “Euskaraz zerbitzuak jaso, euskaraz transmititu, euskaraz ikasi eta, orokorrean, euskaraz bizitzeko bermeak eskaintzeko, eta ez betetzeen aurrean neurriak hartzea falta direla erakusten dute datuek”, gehitu du bermeotarrak.
Horiek horrela, hizkuntza politika egoki bat garatzearen beharra nabarmendu dute: “Ohikoa bilakatu da behin eta berriz zerbitzuak euskaraz eskatzen ibili beharra, eta hala adierazita izan arren, erdara erabili behar dutela erantzutea, edo euskaraz egin nahi izateagatik atzerapenak zein bestelako oztopoak gainditu behar izatea”.
Ondorioz, kasu gehienen “muinean dagoen gaia erraz identifika” daitekeela diote: euskara erabiltzea bermatu ahal izateko, beharrezkoa da eskubide horren beste aldean dagoenak euskararen ezagutza izango duela bermatzea. “Erdibideko neurriek urraketa eta hutsuneak kronifikatzera daramate”.
Kezka nagusiak.
Behatokiko datuek erakusten dute, orokorrean, espazio publikoan osasungintzan, segutasunean edo zaintzari lotutako zerbitzuetan euskaraz jardun ahal izateak herritarren kezka nagusietako bat izaten segitzen duela.
Hezkuntzari erreparatuta, batik bat Ipar Euskal Herrian zein Nafarroako Foru Erkidegoan euskararen irakaskuntza hedatzeko oztopo berdinekin jarraitzen dutela ondorioztatu du Behatokiak. Hala ere, Euskal Herri osoan, Lanbide Heziketa bezalako alorretan eskaintza ezak edo unibertsitateetako eskaintza mugatuak herritarren kexa eta protestak ere jaso ditu. “Kezka berezia sortzen du hezkuntzako eskaintza merkatu parametroen arabera mugatzeak, ez delako kontuan hartzen hezkuntzan hizkuntza eskubideen errespetua eskubide unibertsal modura landu beharra dagoela”, gehitu dute. Horregatik, euskara gutxiagotutako hizkuntza dela kontuan hartuta, “ezinbestekoa” dela abiaburutik “eskaintza sustatzeko neurri bereziak hartzea” esan dute.
Erakundeen erantzukizuna.
Behatokiaren iritziz, erakundeetatik hartzen ez den erabaki bakoitzak edo bermeen kontrako erabaki bakoitzak ondorioak ditu, eta ez bakarrik gaur egungo urraketen betikotzean, baita gutxiagotutako hiztun komunitate modura euskaldunek bizi duten berdintasun ezean edota herritarren ongizatean, segurtasunean, osasunean, zaintzan. Hala dio Gaubekak: “Zerbitzu publikoen kalitatea dago jokoan. Gizarteko esparruaren arabera, hizkuntza eskubideek ere gure bizitzak gidatzen dituzte, eta gure txikitasunetik, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean adierazitakoak gizartearen oinarri ukiezin izatea nahi badugu, beharrezkoa da egungo parametroetatik haragoko bermeak, justizia eta berdintasuna eskaintzea herritarrei”.
Bide horretan, behatokiaren iritziz, azken urteetan euskalgintzak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia izendatu duenaren atzean, hizkuntza eskubideen, gutxiagotuen aitortzaren, hiztunen arteko berdintasunaren zein gutxiagotutako hizkuntzekiko erreparazio neurrien “ukazioa” daud. Argi adierazi du du Gaubekak: “Hizkuntzak ez dira hiltzen, hizkuntzak hiltzen dituzte. Lege babes egokia eman barik, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak eta baliabide egokiak ezarri barik, hizkuntza eta hiztunak bigarren mailakotzat joz, edo beste hizkuntza batzuei baino balio sozial txikiagoa emanez hiltzen dituzte hizkuntzak”.