Boga! Mendi Martxa apirilaren 27an burutuko da
Hiru ibilbide izango ditu aukeran aurtengo Boga! Mendi Martxak, eta izen ematea zabalik dagoela gogoratu dute antolatzaileek. Dagoeneko 370 pertsona apuntatu dira Ondarroa eta inguruko mendiak ezagutzeko aukerara.

Boga! mendi martxak badu data zehaztuta, beste urte batez; apirilaren 27an batuko dira herritarrak inguruko mendietan. Ondarroako Zubi Zahar Ikastolak, Aurrera Mendi Taldearen laguntzarekin antolatutako mendi irteera da Boga!. Oraingoan, hiru ibilbide desberdin izango ditu aukeran, antolatzaileen hitzetan, “edonork parte hartu dezan”.
Herrian dagoeneko errotuta dagoen martxa da, eta Aurrera Mendi Taldeko kideek aurreratu dutenez, “hainbat helburu desberdin ditu”. Hala ere, “herrian eta inguruko herrietan mendizaletsauna sustatzea” jarri dute lehen lerroan. Horri, ordea, mendigoizale guztiek Ondarroa inguruko paisaiak eta toki bereziak ikustea eta ezagutzea gehitu diote.
Ibilbide luzea, motza eta txikia egongo dira aukeran apirileko azken astebururako. Alde batetik, luzeak 47km-ko luzera izango du, 2500ko desnibelarekin. Argitu dutenez, goizeko 07:00etan irtengo dira, eta 10 orduko iraupena izatea aurreikusten dute. Motza, aldiz, 08:30ean hasi eta 5 orduz arituko dira mendian, 23km-ko ibilbideaz eta 1000ko desnibelaz gozatuz. Azkenik, ibilbide txikiak 10,5km izango ditu bere gain, 400eko desnibelarekin. Hau egin nahi dutenak 10:30ean izango dute irteera ordua.
Dagoeneko 370 pertsona inguruk eman dute izena Ondarroak hartuko duen mendi martxan. Hala ere, antolakuntzatik izen-emateak oraindik zabalik daudela gogoratu dute: Zirkuitua.com-en izena emateko aukera dago, “bakoitzak nahi duen ibilbidean”. Nahi izanez gero, gainera, egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, “irteera baino ordu bete aurretik” . Azaldu dutenez, 14 urtetik gorakoek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta 14urte edo gutxiagokoek 5 euro. Hala ere, antolatzaileek nahiago dute jendeak aurretiaz izena ematea, batez ere, “kamiseten neurriak zehazte aldera”.
Aurreratu dute, Aurrera Mendi Taldeak “bezperan lo egin nahi dutenentzako gela bat prestatuko” duela. “Baita furgonetan lo egiteko aparkalekua ere, eta martxaren egunean gosaria emango zaie irteera puntuan. Dutxatu nahi dutenentzat ere zerbitzua eskainiko da, bai helmuga puntuan, bai Ondarroako kiroldegian”, gaineratu dute. Gauzak horrela, parte hartzaile eta laguntzaile guztiei eskerrak eman eta herritarren artean “animatzeko deia” zabaldu nahi izan dute, “lagun eta familia artean mendiaz gozatzeko”.