Emir Vazquezen aldeko jaialdi solidarioa antolatu dute
Lekeitioko BHIk antolatuta, barikuan [apirilak 11], 19:00etatik 21:00etara, Eskolapean elkartuko dira.
Emir Vazquez bizkarrezur-muinari eragiten dion zeharkako mielitisa izeneko gaixotasun autoinmune bat duen 16 urtekogazte lekeitiarra da. Bere gaixotasunari aurre egiteko errehabilitazio espezializatua behar du, oso garestia dena. Herritarra laguntzeko eta babesteko jaialdi solidarioa antolatu du Lekeitioko Institutuak. Barikuan [apirilak 11], 19:00etatik 21:00etara, Eskolapean elkartuko dira dirua biltzeko.
“Operazio asko jaso ditu eta arazoak ditu mugitzeko, orain momentuan muleta batekin ibiltzen da batzuetan, gurpil-aulkian beste batzuetan, baina ezin ezin da asko ibili eta zailtasun batzuk ditu”, azaldu dute Lekeitioko BHItik.
Hain zuzen ere, bere arazoei konponbide bat emateko tratamendu bat proposatu diote. Madrilen izango litzateke, zentro pribatu batean, baina oso garestia da eta horregatik pentsatu dute dirua biltzeko jaialdi solidarioa antolatzea.
Herriko hainbat talde eta eragilek bat egin dute jaialdi solidarioagaz. Aittitta Makurrak txaranga eskainiko du, bertsolariak ere ez dira faltako, Slavers taldeak kontzertua emango du eta Lekittoko Deabruek ikuskizuna eskainiko dute. Emir bera ere bertan egongo delakoan daude, betiere egunean bertan bere osasun egoera ona bada.
Lekeitio BHItik itsulapiko bat jarriko dute Eskolapean nahi eta ahal duenak bere ekarpena egiteko, “dena da ongi etorria”. Horrez gain, Txori Eder Guraso Elkartetik hurrengo kontu korrontea zabaldu dute nahi duenak diru ekarpenen bat egiteko: ES33 2095 0050 38 3239013626.