20 urte sorkuntzari ateak zabaltzen
Astebetez euskal antzerkigintzaren topaleku bihurtuko da Aulesti, apirilaren 21ean hasiko den Artedrama Euskal Laborategiaren hogeigarren aldiarekin. Sortzaileetako bat den Ander Lipus markina-xemeindarrak hogei urte hauetako bilakaera kontatzeaz gain, kulturak behar duen paradigma aldaketan jarri du begirada. Arene Onaindia Abrisketa aulestiarra, berriz, "pozik" agertu da topagunearen egitarauari hasiera emango diolako bere sorterrian, lagun, familia eta herritarrez inguratuta.

Uzta jasotzeko beharrezkoa da ereitea, eta hazia ereiteko lurra behar da, bederen. Eta eguzkia eta ura, nola ez. Pitinka hazia ereiten doa, eta aurretiaz prestatutako lurra sendoa denean, eta hazia pasioz eta ilusioz ereiten denean, lehenago edo beranduago, uzta dakar. Dena den, normalean, guztia ez dago norbere esku.
Duela 20 urte erein zuen hazia Artedrama Euskal Laborategiak Aulestin, eta momentu hartara bueltatuz, Ander Lipusi imajina ezina litzaiokeen bi hamarkada beranduago hogeigarren topagunearen atarian egongo zela irudikatzea. Izan ere, behar zehatz batetik abiatuta sortu zen espazioa izan zen, eta gaur egun, testuingurua aldatu arren, beharrezko topagune izaten jarraitzen du: “Antzerkigintzaren formakuntzaren alorrean gabezia bat identifikatu genuelako hasi ginen proiektu honekin; izan ere, euskaraz ikasteko aukerak murritzak ziren, eta askotan, elebitasun batean sartzen ginen antzerkia ikasteko orduan, eta kasu horretan, gaztelaniak hartzen zuen espazio guztia, ez baitzegoen euskaraz antzerkia irakatsi eta ikasteko tresnarik”. Hala, transmisioaren hutsunea abiapuntutzat hartuta, euskara oinarritzat zeukan lurra prestatzeari ekin zion markina-xemeindarrak, beste zenbait kiderekin batera: “Herri eta espazio desberdinak bilatzen ibili ginen horretan, Aulesti jarri zitzaigun parez-pare”.

ArteDrama.
Hala ere, ez zen ausaz aukeratutako herria izan. Urte batzuk lehenago Lipusek Aulestin izandako esperientziak markatu zuen ADELen etorkizuna. “Gogoan dut, duela urte asko, topagunearen habia bezala Aulesti aukeratu aurretik, nire bakarrizketa batekin joan nintzela bertara. Taberna batean egin nuen ikuskizuna, lokala jendez gainezka zegoen bitartean. Sekulako giroa sumatu nuen, eta zera pentsatu nuen: ‘Herri honetan zerbait berezia dago'”. Egun hartako oroitzapena gogoratuz, orduko alkatearekin harreman “ona” egin zuela azaldu du Lipusek. “Alkatearekin hizketan nengoen batean, horrela bota zidan: ‘Nik nahiago dut herriko galtzadarri batek bi metro eduki beharrean, bakarra badauka; horrela, gainerakoa kulturan inbertitu genezake’. Momentu hartan jakin nuen Aulesti zela Artedrama Euskal Laborategia gauzatzeko lekua”. Horrez gain, herri euskalduna izateak ere eragina izan zuela azpimarratu du antzerkilariak, eta herriaren eskuzabaltasuna eta kulturarekiko konpromisoa ikusirik, argi zeukan bidea: “Urtez urte, proiektua aurkeztu genuenetik gaur egunera arte, beti eduki dugu herriaren eta udalaren konplizitatea. Begirune handiarekin hartu zuten herritarrek ADEL”.
Ander Lipus: Urtez urte, proiektua aurkeztu genuenetik gaur egunera arte, beti eduki dugu herriaren eta udalaren konplizitatea. Begirune handiarekin hartu zuten herritarrek ADEL.
Dimentsio guztiak. Hasiera batean barnera begirako topagunea bazen ere, urteen poderioz, eraldatuz eta dimentsio handiagoa hartuz joan da Artedrama Euskal Laborategia. Euskal Herriko txoko desberdinetako hamabost ikasle eta bost irakasle inguru batzen ziren espazioa zen, formakuntzara bideratutakoa. Gaur egun, formakuntza bere horretan mantentzen den arren, herrian eta eskualdean eragina izatea helburu, kanpora begirako egitaraua antolatzen ere hasi ziren: “Hasieran, kanpora begirako emanaldiekin hasi ginenean, modu oso informalean egiten genituen; hau da, tabernetan edo horrelako espazioetan. Gaur egun, beste dimentsio bat hartu du egitarauak, eta kultur aretoan eta frontoian egiten ditugu emanaldiak”.
Arene Onaindia: Antzerkiarekin izan nuen lehen harremana Artedrama Euskal Laborategian izan zen, duela 10 urte.
Hogei urteren bueltan ikasle, irakasle eta ikusle «asko» pasatu dira Aulestitik. Ikasle horietako bat da Arene Onaindia Abrisketa aulestiarra, bertan eman baitzion hasiera bere antzerkigintzako ibilbideari, eta gainera, aurtengo edizioan, bera izango da egitaraua zabalduko duen aktorea: “Antzerkiarekin izan nuen lehen harremana Artedrama Euskal Laborategian izan zen, duela 10 urte. 15 urte nituen orduan. Txikitatik sortu izan dit kuriositatea antzerkiaren munduak, eta herrian horrelako topagune bat eduki eta antzerkia lehen aldiz dastatzeko aukera izanda, izena eman nuen. Nire bizitza nondik bideratu nahi nuen deskubritu nuen egun hartan”.

Arene Onaindia Abrisketa.
Hiru urtez jarraian ikastaroetan parte hartu ondoren, Barakaldoko Antzerki Eskolan egin zuen beste urtebete, eta ondoren, Madrilera bidaiatu zuen, Arte Eszenikoen Gradua egiteko. Egun, Santanderreko Nouveau Colombier eskolan dabil, eta bertako proiektu batetik sortutako Le nouveau menu du chef aurkeztuko du Aulestin, apirilaren 21ean, 21:00etan.
Aktore bakarra. Mimo eta ilusioaren bidez sortzen den pieza da, “pantomima bat”, eszenatoki huts batean gorputza erabilita sortutako dimentsioen antzezlana, hain zuzen. “Hamabost minutuko pieza da, eta sukaldariburu eta laguntzaile baten arteko istorioa kontatzen du. Zopa bat egin behar dute, eta prozesu horretan sortzen diren eztabaidak azaleratuko dira”. Onaindia da aktore bakarra, eta berak interpretatuko ditu antzezlaneko hiru aktoreak, “bakoitzari gorpuzkera eta erritmo desberdinak emanez”.
Aulestin antzezteak “ilusio berezia” egiten diola onartu du Onaindiak; gainera, lehen aldia da modu profesionalean oholtza batera igoko dena: “Zirrara berezia sorrarazten dit apirilaren 21eko antzezlanak. Oso emozionatuta nago, nire herrian antzeztuko dudalako, nire inguru, familia, lagun eta herritarren aurrean. Oso berezia da niretzat herritarrei nire lan bat erakustea, eta gainera, ADEL bezalako topagune batean, oraindik bereziagoa da, bertan hasi baitzen nire ibilbidea”. Hala ere, herrian antzezteak nolabaiteko presioa eragiten diola ere azaldu du: “Presioa ere badaukat, jakina. Baina poztasun eta ilusio berezia sentitzen dut horren gainetik”.
Hala, Onaindiak herritar guztiak gonbidatu ditu antzeztuko duen pieza ikustera: “Herriak beti hartzen du eskuzabalik ADEL. Beraz, espero dut ilusioa egingo diola jendeari herritar bat oholtza gainean egoteak; hortaz, aretoa beteko den esperantza daukat”.
Onaindiaren antzezlanaz gain, Aitzol Iraolaren Hustu antzezlana egongo da apirilaren 21ean, eta hurrengo egunetan ere, kulturaz bustiko da Aulesti. Izan ere, apirilaren 22an Metrokoadroa Kolektiboaren Artxibo Biluzia antzezlana egongo da, apirilaren 23an Mikele Urrozen Mendia, apirilaren 24an Tripaken Platea, 25ean, Artedramaren Miñan, eta 26an Dejaburen Itzulera.
Lipusek azaldu duenez, ikastaroetako irakasleek beraien obrak antzeztuko dituzte astean zehar: “Normalean, ikastaroa ematen duten irakasleen lanekin osatzen dugu kanpora begirako egitaraua, eta aurten ere horrela egin dugu”. Oraingo honetan, Mikele Urroz, Metrokoadroa kolektiboko Ainhoa Alberdi, Javier Barandiaran eta Oier Guilan, Dejabuko kideak, Aitzol Iraola, eta Lipus bera arituko dira ikastaroak ematen: “Gorputzaren lanketari berebiziko garrantzia ematen diogu, eta horregatik, Garazi Etxaburu ondarrutarra egongo da goizetan, dantza ikastaroa ematen”.

ArteDrama.
Bizigarri izateko. Artedrama Euskal Laborategia bezalako topagune bat antolatzeak dakarren lan guztian jarri du fokua markina-xemeindarrak, eta Artedraman bertan, barne gogoeta bat ireki dutela aitortu du: “Gauzak asko aldatu dira, finantziazio iturri berriak ari gara bilatzen, baina bizitza asko garestitu da, eta aurrekontua txikitu. Kulturgintzan gero eta sorkuntza gehiago daude, gauzak komunikatzeko beharra dagoen seinale. Horregatik, beharrezkoa da paradigma aldaketa bat, batez ere, erakundeengandik”.
Horrez gain, kulturak bizi duen prekarietateari aurre egiteko, gizartearen konplizitatearen beharra azpimarratu du Lipusek: “Oraindik ez dakigu kultura zein beharrezkoa den gizartearentzat, eta honek bizi duen prekarietateari aurre egiteko denon konplizitatea behar dugu, artistona, publikoarena eta erakundeena. Hitz hauek irakurtzen dituenak jakin beharko luke antzezlan baten atzean dagoen lana oso handia dela. Hala ere, esperantza daukat gauzak aldatuko direla, kulturak bizirik irautea nahi baldin badugu behintzat”.
Duela hogei urte ereindako haziak eman du uzta urte guzti hauetan; izan ere, Artedrama Euskal Laborategiak bere funtzioa bete duela argi dauka Lipusek. Hala ere, aurrera begira bere horretan jarraitzeko beharra eta nahia baldin badaude, lurra ondo prestatu beharko da; bizirauten jarraitu baino, bizigarria izaten hasteko.
Ander Lipus: Oraindik ez dakigu kultura zein beharrezkoa den gizartearentzat, eta honek bizi duen prekarietateari aurre egiteko denon konplizitatea behar dugu, artistona, publikoarena eta erakundeena.