Elkarlanean, 700 urteak ospatzen
Lekeitiarrek ospakizun urtea dute aurtengoa. Azaroaren 3an beteko dira 700 urte Lekeitio hiribildu izendatu zutenetik, eta herritarrek goi-goitik ospatu nahi izan dute urtemuga. Hala, lelo, abesti, bideoklip, webgune nahiz bestelako hamaika ekintza prestatu dituzte denen artean, eta beste horrenbeste geratzen zaizkie azaroaren 3ra bitartean.
Herria kulturak egiten du berezi, kirolak, taldeek, elkarteek, historiak, politikak nahiz hizkuntzak. Asko dira bidean desagertutako herriak, eta asko dira, era berean, aurrera ateratzea lortu dutenak ere. Aurrera atera, eta ez edonola, gainera. Horietako bat da Lekeitio. Herria bera sortu zenetik 700 urte baino gehiago pasa diren arren, aurtengo azaroaren 3an 700 urte beteko dira hiribildu izendatu zutenetik. Herritarren artean ez ezik, ingurukoen artean ere jakina da ospakizun urtea dutela lekeitiarrek.
Izan ere, herrigunera heltzeagaz batera, 700. urteurreneko ospakizuneko irudi, kartel nahiz ekintzek erakartzen dituzte begiradak. Horretan lanean, baina, duela hainbat urte hasi ziren. Hala azaldu dute Maite Garamendi Rey Lekeitioko artxiboko teknikariak eta Antton de La Lama Sagardia Lekeitioko Udaleko Kultura zinegotziak: «Asmoa urrunetik dator. 2013-2014 inguran hasi ginen, hamar urte falta zirela, zer egin pentsatzen. Orduan liburu batzuk argitaratzen hasi ginen, Kurik bilduma esaterako, giroa apur bat mugitzen hasteko asmoz».

Lekeitio 700 egitasmoaren aurkezpena, 2024ko azaroaren 3an.
Ordutik, hainbat ekintza antolatu izan dituzten arren, 2023an agintaldi berria hasteagaz batera, «buru-belarri» hasi ziren urteurrena zelan ospatu pentsatzen. De La Lamak azaldu duenez, ospakizunek urtebete irauteak badu arrazoi bat: «Lekeitiok badauka zer esana, gauza asko ditu kontatzeko, eta ez genuen ikusten hori asteburu soil batean edo bi astetan kontatzeko zerbait denik. Horregatik, urtebeteko iraupena izan zezakeela pentsatu genuen». Izan ere, Lekeitiok eskaintza oparoa dauka kultur, kirol, historia, geografia nahiz bestelako edozein alderditatik: «Herriko talde, elkarte nahiz norbanako guztiek euren proposamenak egin ahal izateko, eta euren proposamenak ere urteurrenean islatzeko, beharrezkoa ikusi genuen urte guztira luzatzea».
Hala, egitasmoari «behar den garrantzia» emateko asmoz, talde motorreko artxibo-arduradun, historialari, irakasle, teknikari, zinegotzi nahiz boluntarioek leloa erabakitzetik hasi zuten bidea. Talde horretako kidea da Miren Agur Meabe idazlea ere, eta hark proposatu zuen Izan Lekeitio 700 leloa: «Izan horren barruan, hain zuzen ere, guk nahi genituen baloreak sartzen dira: nondik gatozen, non gauden eta zer izan nahiko genukeen». Horrekin batera, logoa, abestia eta bideoklipa ere landu zituzten.
Ekainaren 28an erraldoien topaketa ospatuko dute.
Gainera, lekeitio700.eus web orria ere ipini zuten herritarren eskura. Bertan, iragandako ekintzez gain, urte guztiko egitaraua ikusteko aukera ere badago; de La Lamak nahiz Garamendik herritarrei webgunean sartzeko dei egiten diete, hainbat informazio dago-eta.
Eztanda
Aurre-lanketa guztia eginda, prest zeuden 2024ko azaroaren 3an urtebeteko jaiak eztanda egin zezan. Ospakizunen «ardatza eta hezurdura» den Urdin eta berde artean erakusketagaz eman zioten hasiera urteurrenari, eta urte guztian zehar elizapean ikusgai dago: «Erakusketan Lekeitio hiribildu izendatu zenetik 700 urte hauetan pasatako pasarte asko daude, denak ez diren arren. Hori da denaren erdigunea».
Hortik, ez dute etenik izan ekintzek. Lau gairen inguruan antolatu dituzte ekintza guztiak: artea eta historia, literatura eta letrak, euskara eta soziologia. Garamendik azaldu bezala, historiari dagokionez, Erdi Aroari garrantzia handia eman diete. «Azken batean, 700 urteak dokumentu batek betetzen ditu. Dokumentu horren inguruan hitzaldi garrantzitsu bi eduki ditugu: Juan Manuel Gonzalez Cenbellin historialariak hiri bihurtze hori testuinguru historikoan kokatu zuen, eta Andres Urrutiak hiri-gutunaren alde juridikoa eta esanahia azaldu zituen». Izan ere, hiri gutuna mugarria izan zen Lekeitiorentzat.
Etenik barik
Hamaika izan dira egin dituzten ekintzak, eta hamaika dira azaroaren 3ra bitartean egongo direnak ere. Apirilean, esaterako, 36ko gerra izango dute hizpide, ertz askotatik. Alde batetik, atzo San Cristobal gotorlekuari buruz hitz egin zuten. Gaur, ostera, Ezkabako gertaeren inguruan hausnartzeko aukera izango dute, izen bereko antzezlan baten bitartez: «Ezkaba antzezlanak San Cristobal gotorlekuari eta bertako presoei buruzko historia kontatuko digu. Bertako historia, kartzelako bizitza, gosea, emakumeen sareak, konpromisoa, elkarlana, justizia eta erreparazioari buruz ariko dira». Asteburuagaz amaitzeko, bihar 36ko gerrari buruzko azken hitzaldia egongo da, Azkue aretoan.
Maiatzean, Euskaraldiagaz bat egin, eta euskararen inguruko ekintzak izango dira erdigunea. Bestelakoak ere egongo dira, esaterako, Bizkaiko Dantzari Eguna ospatuko dute maiatzaren 18an.
Badira denboran luzatu diren egistamoak ere. Horietako bat da Lekeitioko Zinemazale Elkartearena: «Hilero film bat ematen dute Lekeition grabatu dena edo Lekeitiorekin zerikusia duena. Filmaren ostean solasaldia ere egoten da». Hala, hilabete honetako pelikula Galerna, Ekaitz Ezezaguna dokumentala izango da; apirilaren 24an emango dute Ikusgarrin.
Ekainaren 28an erraldoien topaketa ospatuko dute. «Lekeitioko eta eskualdeko erraldoiak etorriko dira Lekeitiora, baita Euskal Herriko beste toki batzuetakoak ere. 20 erraldoitik gora espero ditugu. Inoiz ez da halakorik egin herrian, eta ikusgarria izango da», azaldu du de La Lamak.
Ekintza guzti horiek aurrera eroateko, ezinbestekoa izan da herritarren laguntza. Elkarte, talde nahiz norbanakoek euren ekarpenak egin nahi izan dizkiete urteurrenari, eta halaxe aberastu dute egitaraua. Talde motorreko kide nahiz udal ordezkariek bereziki eskertu nahi izan dute horien lana: «Sekulako lana egin dute. Herritar askok agian ez daki Lekeition halako talderik dagoenik, eta oso garrantzitsua izan da euren ekarpena».
Egun handia
Azaroaren 3a heldu bitartean, lekeitiarrek ez dute aspertzeko astirik edukiko. Egun handia astelehena izango den arren, barikutik hasiko dituzte ospakizunak: «Bariku arratsaldetik domeka eguerdira arte Erdi Aroko azoka egongo da. Herritar denei mozorrotzeko gonbita egingo diegu; polita izango da herria lehengo erara ikustea. Zapatuan dantza ibiltaria egongo da Aiko dantza elkartearen eskutik, eta ekitaldiei ia amaiera emateko, Lekittoko Deabruek Itsas sua izeneko ikuskizun berezia prestatu dute domeka arratsalderako». Azaroaren 3a astelehena den arren, ez dute ospatu barik geratu nahi izan; prestaketetan dabiltzan arren, «ezusteko ikusgarria» egongo dela aurreratu dute.