Goikolau Elkarteak Berriatuko Herri Ondarea Internet ataria aurkeztu du
Berriatuko Udalagaz elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker sortu dute ondarea.berriatua.eus ataria.

Bilboko Plaza Berriko Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztu dute Berriatuko Herri Ondarea webgunea. Bertan izan dira Iñigo Manzisidor Goikolau Elkarteko ordezkaria, Joseba Goienola Berriatuko alkateak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua.
Iragana eta oraina elkartu eta komunitatea bera indartzen laguntzea du helburu egitasmoak. “Lehengo herritarrek sortutako ondarea eta egungo herritarrak sortzen ari direna ezagutaraziko ditu Berriatuko Herri Ondarea Internet atariak”, esan du Manzisidorrek. Horretarako, ataria modu oso grafikoan, erakargarrian eta errazean egin dutela nabarmendu dute. Gainera, bizirik dagoen webgunea da, hau da, etorkizunean informazio eta dokumentu gehiagoz osatu nahi dute.
Bertan, ondare material aberatsa ikusi dezakete herritarrek, kobazuloetako aztarnak, erdi aroko dorreak eta margutako etxeak, besteak beste. Horrez gain, ondare inmaterial oparoa dago ikusgai. Hau da, Berriatuko talde eta eragileek gaur egun egiten duten lana ezagutzeko aukera ematen dute elkarrizketa, bideo edota argazkien bidez baita ere.
Hain zuzen ere, berriatuarren borondatezko partaidetzan oinarrituta egiten du lan Goikolau Elkarteak, herri ondarea jaso, ikertu eta ezagutarazteko helburuagaz. Herri komunitaterik gabe ondarerik ez legokeela sinesten dugu, eta ondarea, era berean, herritarren sareak eraikitzen laguntzeko tresna delakoan gaude” esan du Manzisidorrek. Bide horretatik hainbat ekimen bultzatu dituzte, besteak beste, herriko eragileen lana aitortzeko Goikolau Sariak.
“Herri komunitaterik gabe ondarerik ez legokeela sinesten dugu, eta ondarea, era berean, herritarren sareak eraikitzen laguntzeko tresna delakoan gaude”
Horregatik, Berriatuko Udalagaz lankidetza hitzarmena sinatu dute, informazioa elkarbanatzeko eta elkar babesteko. Erakunde bakoitzak ondare mailan egiten duen ekarpena aitortuz eta Internet plataforma berria herri ondarea katalogatu eta ezagutarazteko tresna amankomuna izan dadin. Goienola alkateak “garrantzitsutzat jo du akordioa. Berriatuko Herri Ondarea egitasmoak osorik betetzen ditu udalak dituen helburu publikoak. Komunitate bizia eta kohesionatua izatea altxorra da gure moduko herrietan. Garai berrietara egokitzen dakien herria izaten jarraitu nahi dugu eta, aldi berean, aurrekoek egindakoari begirunez begiratzen dioena. Zentzu horretan Goikolau Kultur Elkartea osatzen duten moduko herritar talde bat izatea guztiz aberasgarria da eta oso eskertuta gaude egiten ari diren ekarpenarengatik”.
Bide beretik jo zuen Arrizabalagak, aldundiaren laguntza “ezinbestekoa” izan dela esatean: “Aurreko urteetan Goikolau Kultur Elkarteak egindako lana batu, sailkatu, aurkeztu eta modu bizi eta dinamikoan kontsultatzeko aukera ematen digun tresna ezagutu dugu gaur. Urteetan egindako lanari balio erantsia ematen diona, herritarren eskura jartzea, zabaltzea eta dibulgatzea”.
Modu ulergarrian
Laratza datu-basea du oinarri Berriatuko Herri Ondarea Internet atariak. Ondarearen dokumentazioan eta datu baseen garapenean aditua den Nere Erkiagaren aholkularitza eta diseinuagaz eta Codesyntax enpresaren jakintza teknologikoagaz garatu dute Laratza datu-basea. “Ondare-elementuen katalogazio eta argitalpenak eragiten dituzten zailtasun eta konplexutasunak menderatzen ditu, erabiltzaileentzat informazio guztia modu erraz eta ulergarrian eskuragarri jarriz”.
Berriatuko herri ondareari buruzko informazioa eta dokumentu guztiak Interneten modu eraginkor batean jartzeko helburuagaz sortuta dagoen arren, beste herrietan ondarearen inguruan jaso den lan handia erakusteko tresna izan daitekeela uste dute.
Aurkezpen ekitaldia baliatu du Goikolau Kultur Elkarteak, lan esparru berean eredu izan dituen Labayru Fundazioa, BizkaiKOA erakundearen Ondarearen Europako Jardunaldiak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa eskertzeko. “Berriatuko Herri Ondarea” errealitate egin duten erakundeen eskutik jaso dituzte Balentin Laka eskultoreak egindako Goikolau ikurrak.