Hirugarren jokoan erabaki dira beste bi finalistak
Santi Brouard pilotalekuak zapatuan [apirilak 12] hartu zituen Masters Serieseko bigarren finalaurrekoak. Eguenean [apirilak 17] jokatuko dituzte finalak.

Lekeitioko Masters Series txapelketak baditu finalistak: Erkiaga-Gorka Urreisti-Lekerikaren aurka eta Mugartegi-Otaño Ortiz de Mendibil eta Watkinsen kontra. Eguenean [apirilak 17] jokatuko dituzte finalak, 17:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, ikusleen gehiengoak nahi zuena ikusteko aukera izango dute, hau da, Erkiagak finala jokatzea.
Hori bai, ispastertarrak gogotik egin behar izan zuen lan zapatuko [apirilak 12] finalaurrekoan. Gorka Sorozabalegaz batera, faborito baziren ere, hirugarrean jokoan erabaki zen finalerdia. Lehen setean aurretik joan ziren uneoro, 8-4 aurreratu dira lehen atsedenaldirako. Johan Sorozabal eta Julen Del Riok partida oso serioa jokatu zuten, ez zuten inoiz amore eman. Lehen jokoa 15-11 galdu arren, hobeto ekin zioten bigarrenari, 1-4 aurreratuz. Zortzina berdindu zuten, eta hortik aurrera berdintasuna izan zen nagusi, hamalaunakora heldu arte. Atzelari gasteiztarrak atzean egin zuen azken tantoa. Hirugarren jokoan baina, marroiek huts gutxiago egin zituzten eta finalerako txartela lortu: 5-1.
Emakumezkoetan ere hirugarren jokoan erabaki ziren beste bikote finalista. Hasieran Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabalek dominatu zuten, sahietsez errematatu zuen aurrelariak eta atzelari berriatuarra beti bezain seguru agertu zen. 7-3 aurreratu ziren. Mugartegi jokoan gehiago sartuz partida iraultzea lortu zuren, lehen seta 10-15 irabaziz. Markina-xemeindarrak min handia egin zuen eskumaz, 9na berdindu zuten, baina azken tantoetan seguruago aritu ziren marroiak 9-15 gailentzeko. Azken jokoan ere 0-2 aurreratu ziren, baina Mugartegi ostera ere jokoan sartzea lortu zuen eta aldeak ezarri 5-2 irabazi arte.