Pantailak Euskarazek salatu du erdaraz kontsumitzera bideratzen dituztela euskaldunak zinemetan
2024an Euskal Herriko zinema komertzialetan euskarazko emanaldien kopurua neurtu du Pantailak Euskarazek: % 1,6. Euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa dela eta, neurriak eskatu dituzte.

Iaz Euskal Herriko zinema komertzialetan, euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta edo euskarara azpidatzita eskaini zen estreinaldi kopurua ez da %1,6ra iristen: %2,6ko datua da Hego Euskal Herrian, eta %0,4koa Ipar Euskal Herrian. Pantailak Euskaraz ekimenak eta horren parte den Zinemak Euskaraz ekimenak egindako azterketaren emaitzak dira: “Datuak gordin bezain kezkagarriak dira”.
2024an Euskal Herri osoko zinemetan euskaraz estreinatu ziren fikziozko bi film egon ziren: Josu Martinezen Bizkarsoro eta Negu kolektiboaren Negu hurbilak. Hego Euskal Herrian hirugarren bat ere estreinatu zen: David Perez Sañudoren Azken Erromantikoak. Horiez gain, haurrentzako nazioarteko 11 film euskarara bikoiztuta estreinatu ziren Hegoaldean. Ipar Euskal Herrian, berriz, soilik Bizkarsoro eta Negu Hurbilak ikusi ahal izan ziren euskaraz, bertan estreinatutako frantsesezko 520 filmen artean: %0,4, alegia.
Hala ere, albiste positibo modura, Baionako L’Atalante zinemak Euskal Zinema Korner izeneko programazio berezia abiatu zuela iaz, eta horri esker, aipaturiko filmez aparte, urte ezberdinetako euskarazko beste hainbat film ikusi ahal izan zirela.
Estreinaldi kopuruaz harago, euskarak zinemetan izan duen benetako pisuaz jabetzeko, filmek izaten duten emanaldi kopuruari ere erreparatu behar zaiola uste dute Pantailak Euskarazekoek. Eta, datuak aztertuta, argi adierazi dute erdarazkoen emanaldi kopurua “askoz handiagoa” izaten dela: Euskal Herrian iaz zinema komertzialetan egondako ia 197.000 emanaldietatik 166.ooo izan ziren gazteleraz (Hego Euskal Herrian), 29.000 frantsesez (Ipar Euskal Herrian), eta 1.800 baino gutxiago euskaraz; hau da, emanaldi guztien %0,9 izan ziren euskaraz.
Beste bi datu ere plazaratu dituzte: batetik, Euskal Herrian ekoitzitako 15 filme iritsi zirela zinema areto komertzialetara iaz, baina horietatik hiru bakarrik izan ziren euskarazko ekoizpenak, eta beste bi elebidunak; bestetik, Euskal Herrian iaz zinemetan ikusienak izan ziren 10 filmen artean, bakar bat ere ezin izan zela euskaraz bikoiztuta edo azpititulatuta ikusi. Datu horiek Kataluniakoekin alderatzen dituzte, izan ere, han, iazko 10 pelikula ikusienetatik sei katalanera bikoiztu zituzten Generalitatearen hizkuntza politikei esker.
Bermerik ez euskaraz kontsumitzeko.
Horiek guztiak esanda, herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak ukatzen zaizkiela diote: “Nekez uler daiteke euskaraz ez dugula kontsumitzen esaten zaigun honetan, herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea, erdaraz kontsumitzera bideratzen gaituzte, esparru batzuetan nekez bermetzen delako gure hizkuntzaren presentzia”.
Hala, Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan aplikagarria den araudian euskaraz kontsumitzeko eskubidearen “ukazioa sistematikoa” dela salatu du Pantailak Euskarazek. “Frantziar estatuko araudiak ez die euskaldunei inolako eskubiderik aitortzen”.
Nafarroako kasuan, 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak dio erakundeek euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu behar dituztela. Hori bera dio Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere bere 12. artikuluan: estatuei dagokiela “beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea” dio. Eta, horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronozazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatu behar direla azpimarratzen du.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 1o/1982 Legeak, bestalde, bere hirugarren kapituluan adierazten du Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera berdintzeko, besteak beste, zinemetan eta ikus-entzunezko grabazioetan,
Horiek horrela, Pantailak Euskarazek dio “euskaraz kontsumitzeko eskubidea blindatzetik urrun” dagoela oraindik: “Legeak, horietan ezarritakoaren bermea, eta baliabideak behar ditu euskarak”. Hala, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dute erakunde publikoen ardura dela herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea: “Beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Eusko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, horretarako eskumenak baitituzte, eta baita euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzekoa ere. Are gehiago orain, Zinematografiarako diru-funtsen konpetentzia EAEk eskuratu ondoren. Beraz, kontsumitzaile erabiltzaileen eskubideak erregulatzen diren araudietan zinema komertzialekiko neurri zehatzak planteatzeaz ari gara”.
Izan ere, ikus-entzunezkoek geroz eta denbora gehiago hartzen dute egun, ze zinemetan estreinatzen diren filmak streaming plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa dela uste dute, “euskararen normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskaraz bizitzea jendarteko esparru guztietan gauzagarri izan daiten”.