102 mendizalek "gustura" egin dute Markina-Xemeingo 59. Ibilaldi Neurtua
Aurten, eguraldiaren eraginez, jende gutxiagok parte hartu du ibilaldian. Hala ere, antolakuntzakoek egunaren balorazio positiboa egin dute.

Artibai Mendigoizale elkarteak urtero antolatzen duen Ibilaldi Neurtua finkatuta dago jada Lea-Artibaiko nahiz inguruko mendizaleen artean, baina aurtengoan, eguraldiaren eraginez, mendizale gutxiagok parte hartu dute ibilaldian. Domekan [apirilak 13] ipini zuten hitzordua, eta guztira 102 lagunek egin zuten bidea.
Aurtengoa 59.a izan da, eta urtero bezala, bi ibilbide eduki dituzte aukera parte hartzaileek: 29 kilometroko ibilbide luzea eta 9,7ko motza. Hala, luzean 60 mendizalek parte hartu zuten, eta laburrean, 42k: “Jende gutxi etorri da, izan ere eguraldiak ez du asko lagundu. Eta gainera, Aste Santutan sartuta gaudela kontuan hartuta, ondo joan da”. Jende gutxik parte hartu bazuen ere, partaideak “gustora” agertu ziren aukeratutako ibilbideagaz nahiz antolakuntzagaz. Gainera, eguraldi ezegonkorra egonda errazagoa zen arren, inork ez zuela minik hartu nabarmendu dute antolatzaileek: “Guretzat hori da garrantzitsuena, inork minik ez hartzea”.
Ibilbide luzekoek Mendibil (613 metro), Zengotitagane (818 metro) eta Oiz (1.026 metro) igo zituzten, eta laburrekoek, ostera, Trabakuara autobusez joan, Mendibil igo, eta Iturreta, Laitxu eta Iparragirre zeharkatuta itzuli ziren Markina-Xemeinera.
Aurtengoa atzean utzita, antolatzaileek datorren urtean ere antolatzeko asmoa erakutsi dute: “Gure aldetik prest gaude datorren urtekoa ere antolatzen hasteko, gainera, 60.a izango da“.