Maider Uriarte, Pazkoetako zaldi proba txapelketaren garaile
Maider Uriartek lortu du markarik onena Etxebarriko Pazkoetako zaldi proba txapelketan; kortezubitarrak 54 untza eginda lortu du garaipena, Enkarterri Turf Powerren eta Ibekohondoren aurretik.
                    Argazkia: Etxebarriko Udala.                Apirila idi eta zaldi proben hilabetea da etxebarritarrentzat. Billabaso Elkarteak 70. Pazkoetako Idi Proba Sari Nagusia irabazi ondoren, zaldi proben txanda izan zen iragan zapatuan [apirilak 12] nahiz astelehenean [apirilak 14]. Maila handiko parte hartzea eduki du aurtengo ekitaldiak eta, tartean, etxeko ordezkaritza egon da: urte batzuez etxebarritarrik parte hartzaile ibili barik egon ostean, Iru-Bide zein baino zein gehiago aritu da aurten. Beragaz batera, Etxetxo zein Talaia jatetxea zumaiarrak, Enkarterri Turf Power zallarra, Ibekohondo aulestiarra eta Gaztiñei markina-xemeindarra aritu dira; horien denen gainetik, baina, Maider Uriarte kortezubitarra azaldu da. Uriartek, Gaztiñei eta Iru-Bidegaz batera, kinttopekoan nahiz proba zaldi-mandoen probetan parte hartu du.
Sendotasunez nagusitu da aurtengoan kortezubitarra, 54 untza eginda. Bigarren postua Enkarterri Turf Powerrentzat izan da, 52 untza eta 5,25 metro eginda; azken podium postua Ibekohondok jaso du, 51 untza eta 0,7 metro eginda. Ondoren sailkatu da Gaztiñei (48 untza), Iru-Bide (43 untza), Etxetxo (36 untza eta 1/4, eta 4,8 metro) eta, sailkapena zarratuz, Talaia jatetxea (28 untza eta 4,1 metro). Irabazleak txapela eta manta jaso du sari, udal ordezkarien eskutik.