Mutrikuk bandera eta Ondarroak eta Isuntzak hainbat domina eskuratu dituzte Euskadiko Batel Txapelketan
Emakumezko haurren maila irabazi du Mutrikuk, eta atzetik geratu da Isuntza, zilarrezko domina eskuratuta. Gainontzeko mailetan, Isuntzak brontzezko domina bat eta Ondarroak zilarrezko bat eta brontzezko bi eskuratu dituzte.

Bizkaiko eta Gipuzkoako batel txapelketetan euren onena emanda, Euskadiko Batel Txapelketa lehiatu dute asteburuan Lea-Artibai eta Mutrikuko arraunlariek. Lekeitio, Mutriku eta Ondarroako batelek Legutioko urtegiko urak hartu zituzten zapatuan [apirilak 12] sailkapen estropadan, eta toki berean jokatu zituzten finalak ere, domekan [apirilak 13]. Mutrikuarrak bandera irabazita eta Ondarroa nahiz Lekeitiokoak bigarren eta hirugarren postuak eskuratuta itzuli dira etxera.
Emakumezko haurrek eman zieten hasiera lehiari. Sailkatze estropadan estu aritu ziren Mutriku (05.03,38) eta Isuntza (05.04,93), eta halaxe hasi zuten finala ere. Lehenengo ziabogaraino pareko aritu baziren ere, Mutrikuk ziaboga hartu ostean nagusitasuna sendotu zuen. Hala ere, Isuntzak ez zuen zalantzarako tarte askorik utzi, mutrikuarrek baino bi segundu beranduago hartu baitzuten ziaboga. Euskadiko txapeldun izateko borrokak amaieraraino iraun zuen arren, Mutrikuk Gipuzkoako txapelketan erakutsitako nagusitasuna berretsi zuen, 05.05,52ko denbora eginda, eta atzetik geratu zen Isuntza 3 segundo eta hamahiru ehuneko gehiagogaz. Hirugarren Itsasoko Ama (05.16,43) eta laugarren Deusto (05.22,31) sailkatu ziren.

Mutrikuarrak, banderarekin.Mutriku A.T.
Emakumezko gazteen artean, ostera, lekeitiarren eta ondarrutarren artekoa izan zen lehia. Tolosaldeak irabazi zuen sailkapen estropada, eta atzetik Isuntza eta Ondarroa geratu ziren, hurrenez hurren eta bata bestearengandik hemezortzi ehunekoren aldeagaz. Halaber, finalean Tolosaldeak hasieratik aurrea hartzea espero bazen ere, Ondarroak, Lekeitiok eta Deustok 2 minutu eta hemezortzi segundotan hartu zuten lehenengo ziaboga, eta Tolosaldeak bi segundo beranduago. Bigarren ziabogan, ostera, Ondarroa izan zen Tolosaldearen maila mantentzeko gai izan zen bakarra; biek ala biek 4 minutu eta 59 segundotan hartu zuten bigarren ziaboga. Hirugarren eta azken ziaboga ostera, Tolosaldeak baino hiru segundo gehiago behar izan zituen Ondarroak, eta sei, Isuntzak. Estropada ere halaxe amaitu zen, Tolosaldea txapeldun (10.07,37), eta Ondarroa (10.13,68) eta Isuntza (10.17,27), atzetik.
Ondarrutarrek beste brontzezko domina bi ere eskuratu zituzten, gizonezko gazteen eta emakumezko absolutuen mailan. Gizonezko gazteei dagokienez, San Juanek irabazi zuen estropada 09.03,07ko denboragaz, eta Ondarroak 15 segundo eta 17 ehuneko gehiagogaz amaitu zuen estropada (09.18,24), Sanpedrotarraren atzetik (09.11,82). Emakumezko absolutuek, ostera, bai bigarren sailkatuari eta baita irabazleari ere, are alde gutxiago atera zieten: 10.03,67ko denbora egin zuten, Hibaikaren (09.59,26) eta San Juanen (10.03,39) atzetik.
Ondarroako gizonezko kadeteek eta Lekeitioko gizonezko absolutuek ere lortu zuten finalera sailkatzea, eta laugarren postuak eskuratuta itzuli ziren etxera.

Ondarrutarrak, Legution, dominak irabazita.Isuntza A.E.
B finalak. Sailkatze estropadan bosgarren postutik zortzigarrenera geratu zirenek B finalak lehiatu zituzten domekan. Hala, Isuntzako emakumezko kadeteek irabaztea lortu zuten (07.51,40), eta atzetik geratu zen Ondarroa (07.52,03). Bestalde, Ondarroako gizonezko haurrek garaipena gertu eduki zuten arren, bigarren postua eskuratu zuten, Zarautzek baino 79 ehunen gehiago eginda. Bigarren postuan amaitu zuten, era berean, Isuntzako gizonezko kadeteek (07.19,10) eta emakumezko absolutuek (10.15,92) ere. Laugarren postuan amaitu zuten Ondarroako emakumezko haurrek, Mutrikuko emakumezko gazte eta Isuntzako gizonezko gazteek.