Udalak fatxadetako pintadak eta grafitiak garbitzeko kanpaina hasi du
Maiatzaren 6ra bitarteko epea dago, eskaera egiteko. Udaletxeko bulego orokorrean nahiz Internetez egin daitezke eskaerak.
Lekeitioko Udalak aditzera eman duenaren arabera, martxan ipini dute herriko eraikinetako grafitiak nahiz pintadak doan garbitzeko kanpaina. Horren helburu nagusia udalerriko eraikinen itxura “hobetzea” dela adierazi dute, eta herritarrek eskabideak egiteko epea zabaldu dute. Epe hori maiatzaren 6ra bitartekoa izango da, eta hori egiteko bide bi egongo direla azaldu dute udaletik: batetik, udalaren web orrialdera jotzea, eta Tramiteak ataleko 1.17 atala betetzea; bestetik, udaletxeko bulego orokorretara joz ere egin ahalko da.
Udalak bide publikoaren aldamenean dauden fatxadetan esku hartu ahalko du eta, garbiketa egiteko, “ohiko garbiketa baliabideak” erabiliko dituzte; beharrezkoa balitz, “margoketa lanak” ere egingo lituzketeela argitu dute. Eskaerak jabeek, erkidegoetako jabeek, lokalen jabe edo errentariek, eta horien guztien legezko ordezkariek egin ditzakete. Horretarako, pintada duen hormaren koloredun argazkia, fatxadaren kolorearen erreferentzia eta ordezkapenaren dokumentazioa (hala badagokio) aurkeztu beharko dituzte.