XIII. Lea-Artibai Rallye berritasunez beteta dator
Bi eguneko formatura itzuliko dira maiatzaren 2an eta 3an. 100 kilometro baino gehiago izango ditu eta errepide berriak zeharkatuko dituzte.

Kastinparro Racing Taldeak apustua biderkatu du. Dena eman nahi du. Lea-Artibai Rallye bakarra izatea nahi dute Euskal Herrian, gainontzekoekiko desberdina. XIII. Lea-Artibai Rallye zerbait izango bada bakarra izango delako. Inoiz baino kilometro gehiagorekin. Gainontzeko lasterketek ez bezala, bi eguneko iraupenagaz. Maiatzaren 2an eta 3an lehiatuko dute, baina motorrak berotzen hasiak dira.
Zapatuan [apirilak 12] egin zuten aurtengoaren aurkezpena Axpe Sagardotegian. Bertan eman zituzten aurtengo berritasunen berri, asko direlako. Berriatuak hartuko du lasterketa aurreko guztia maiatzaren 2an. Azken urteetan ez bezala, barikuko ibilbideak kronometratuak izango dira: Markina-Xemeinetik Aulesti arteko 4,6 kilometrokoa eta Munitibarretik Ziortza-Bolibarrara artekoa 7 kilometrokoa. Bakoitzetik bi pasaera egingo dituzte parte hartzaileek. Lehen autoa 19:45ean aterakoa da beheranzko ordena jarraituta eta 20:00etan hasiko dute bigarren bidea. Gehienetan lehen autoa atera baino ordubete lehenago itxiko dituzte errepideak.
Zapatu goizean ez da berritasunik egingo, kostaldeko ohiko errepideak zeharkatuko dituzte. 09:00etatik aurrera Ondarroa-Mendexa-Lekeitioko 10,87 kilometrokoa egingo dute eta 09:38an hasiko dira Gizaburuaga eta Ispaster arteko 6,74 kilometroko bidea egiten. Alde horretatik, barikuko sailkapenaren arabera aterako dira errepidera zapatuan. Bazkalostean helduko da aurtengo Lea-Artibai Rallyeko berritasun nagusia: Amoroto eta Markina-Xemein arteko 9,6 kilometroko ibilbidea, “inoiz lehiatu ez dena”.
“Ez da erraza izango hautagai nagusi bat jartzea, hainbeste kilometrogaz gauza asko gerta daitezke”
Berria izango da auto guztientzat, beraz, adi egon beharko dira: “Errepide estua da, batez ere beheranzko joeragaz, eta xarma berezia duen bidea delako esango genuke, jokoa eman dezake. Berria den aldetik inflexio puntua izan daiteke, bakoitzaren abilezia erakutsi beharko dutela ezagutzen ez dutenaren aurrean. Gainontzeko tarteak kontrolatuta dituzte, baina Amorotokoa ez eta aldeak ezarri ditzazke”. Azkenik, ohi bezala, Eibar eta Etxebarria arteko azken bideagaz amaituko dute rallye.
Faktore asko
Hau da, inoiz baino kilometro gehiago izango ditu lasterketak: 100 kilometroen muga gaindituko dute. Gainontzeko lasterketak egun bakarrekoak izaten dira eta kilometro gutxiagokoak, beraz, normalean baino aldagai gehiago sartuko dira jokoan. Hamabi tarte kronometratu izango dira guztira, iaz zortzi izan ziren, aurten lau gehiago izango dira. “Hasiera batean horrela egiten genuen, baina lan handia da bi egunetako rally bat antolatzea eta alde batera utzi genuen. Aurten, ordea, apustua indartu dugu, kilometro asko dira eta esfortzu handia egin behar izan dugu eta berritasunak sartu nahi izan ditugu”, azaldu dute. Lea-Artibaikoa izango da berriro Euskal Herriko bi egunetako rally bakarra.
Hainbeste kilometrogaz aldagai asko jarriko dira jokoan, ez bakarrik abiadura. “Ez da erraza izango hautagai nagusi bat jartzea, hainbeste kilometrogaz gauza asko gerta daitezke, agian ez du onenak irabaziko. Mekanika zaindu beharko dute partaideek edozein arazo erabakigarria izan daitekeelako, nekeak ere bere eragina izan dezake pilotuetan eta ez dugu ahaztu behar eguraldiaren menpe gaudela. Hau da, faktore asko daude irabazi nahi duenarentzat”.