"Saretu eta bestelako herri bat eraikitzea da gure anbizioa"
LAB-ek, Sortuk eta Ernaik indarrak batu dituzte apirilaren 26an Lea-Artibaiko Independentzia Eguna antolatzeko. Egunaren epizentroa Lekeitio izango den arren, eskualde guztian eragitea da euren helburua.

Elkartu, saretu eta hausnarketak elkarbanatzeko bidean, lehenengo pausoa izango da apirilaren 26koa. «Balore askatzaileak» lehen lerrora ekarri, eta lehenengoz antolatu dute LAB-ek, Sortuk eta Ernaik Lea-Artibaiko Independentzia Eguna. Sarai Goitia Arrizubietak (LAB), Nagore Saizar Burgoak (Ernai) eta Aitor Antsotegi Ikazuriagak (Sortu) Lekeitiora bertaratzeko deia egin diete eskualdeko herritarrei, «sekula baino ozenago» independentziaren aldeko aldarriak Lekeitioko nahiz eskualdeko kaleetan zabaltzeko.
Indarrak batu dituzue eskualdeko Independentzia Eguna antolatzeko. Zergatik?
Eragile bakoitzak bere jardun propioa daukagu egunerokoan, izan kalean, lantegietan, ikastetxeetan zein gazte eremuan, baina erronka eta helburu komunak dauzkagu. Balore askatzaileetan oinarritutako jendartea saretu eta bestelako herri bat eraikitzea da gure anbizioa, eta norabide horretan eragiteko ezinbestekoa da indarrak batzea eta norabide berean batera arraun egitea.
Eta, zergatik orain?
Unea delako sekula baino ozenago Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarriak kaleak hartu ditzan. Aurretik aipatu bezala, bestelako herri bat eraikitzea da gure anbizioa, eta horretarako oztopo nagusia zapalduta gaituzten Espainiako eta Frantziako estatuak dira. Eremu ezberdinetatik burujabetzarako urratsak ematen ari garen arren, proiektu politikoa gauzatzeko ezinbestekoa dugu independentzia. Era berean, nazio askapenaren aldeko pultsua nabarmen apalduta igartzen dugu azkenaldian, eta hauspo berri bat eman nahi diogu.
Zer da lortu nahi duzuena?
Aldarrikapen politikoak kalera ateratzearekin batera, edukiz bete nahi dugu proiektua. Izan ere, leloak lelo hutsal geratzen dira mamirik ematen ez badiegu. Nazio askapen mugimenduaren epe labur zein luzeko erronkak mahai gainean jarri nahi ditugu, eta hauen inguruan gogoetatu, lan eremu ezberdinetatik nola eragingo dugun aztertu. Aldarrikatzeko asko dago, baina baita egiteko ere. Eskualde txiki honetatik egin beharreko ekarpena zein den eta nola egin behar den lantzea da helburu nagusia.
Zergatik erabaki duzue gaur egungo testuinguru politikoan egun hau antolatzea?
Garai zailak bizi ditugu: kapitalismoak, globalizazioak, espainiar eta frantziar estatuek zein haien kulturak, faxismoak, autoritarismoak… jan behar gaituzte. Mundua nahi genukeenaren kontrako norabidean ari da biraka, baina guk herri honen eta bertoko mugimendu sozialen gaitasunean sinesten dugu. Sekula baino beharrezkoagoa dela deritzogu elkartu, saretu, antolatu eta guzti horri irmo erantzutea.
Nori egiten diozue bertaratzeko deia?
Balore askatzaile eta feministekin bat egiten dugun guztioi. Gauzak oker doazela eta beste era batera egin daitezkeela sinesten dugun guztioi. Eremu batean edo bestean alternatibak eraiki nahi ditugunoi. Euskal Herriaren independentziaren, sozialismoaren eta feminismoaren aldeko aldarriekin bat egiten duen komunitatea bildu nahi dugu.
Egunak berak zelan gustatuko litzaizueke eragitea eskualdean?
Egun hau hasiera bat baino ez da. Elkartzea, saretzea eta hausnarketa komunak egitea bera da eragin nahi duguna hasiera honetan. Sentitu eta eztabaidatutakoa nork bere herrira eramatea eta proiektu edo borroka berriei bide ematea litzateke hurrengo urratsa. Horregatik eta horretarako jarraituko dugu lanean.
Aisialdia eta politika uztartuko dituzue. Aldarrikatzeko eta ospatzeko eguna izango da?
Hori da. Aldarrikatu, pentsatu eta eztabaidatzea ederto dago, baina ondo pasatzea ezinbestekoa da gorputzak indar berriz betetzeko. Politikari bezainbesteko garrantzia eman nahi izan diogu aisialdiari, aisialdia ere politikoa izan daitekeelako. Taldea egin eta elkarrekin une gozo bat pasatzea ere bada egunaren helburua.
Alde batetik, eskualde txikien egoeraren inguruko tailerra egongo da.
Badakigu Lea-Artibai eskualdea eskualde txiki bat dela, baina horrek ez du esan nahi problematika ere txikia denik. Berdin-berdin bizi ditugu gabeziak: izan etxebizitzarena, zerbitzu (eta bereziki garraio) publikoena, enpleguarena, zaintzarena, euskararena… Askotan, gainera, arazo hauek areagotu egiten dira eskualde txikia izaterakoan. Problematika guzti hauen analisia egingo dugu tailerrean, eta berauek borrokatzeko dinamikak plangintzatzen saiatuko gara.
Bestalde, hiru hitzaldi egongo dira aldi berean: Bidaide-ren aurkezpena, Euskalgintzaren borroka arnasguneetan eta Ekosozialismoa; zer, norantz eta nola. Zeintzuk dira helburuak hitzaldi horiekin?
Euskal Herriak epe labur zein luzean dituen erronkak jarri nahi ditugu mahai gainean. Hori izan da irizpidea hiru aukeratzerakoan. Alde batetik, bizi dugun larrialdi klimatikoaren erdian, beharrezkoa delako trantsizio ekosozial justu bat diseinatu eta garatzea, lur planetak iraungo badu. Bestalde, euskararen aldeko oldarraldi betean, euskararen arnasguneetatik ere euskalgintzaren borroka indartu behar dugulako. Eta hirugarrena eta azkena, jatorri eta kultura aniztasunean oinarritutakoa izango da: harrera herria izatetik harago nola egin guztiontzako herria elkarrekin.
Lea-Artibaitarrentzat mezurik?
Anima daitezela apirilaren 26an Lekeitiora etorri eta parte hartzera. Herriz herri lan eginaz eta eskualde legez hausnartuz lortuko ditugu helburu handiak, beraz, bigarren mezua hori: ilusio berriz batu daitezela nazio askapen mugimendura, txikitik eraginez.