Argindarra itzultzen ari da pixkanaka Lea-Artibai eta Mutrikura
Gaur [apirilak 28] 12:30ean joan da argindarra. Pixkanaka herri batzuetan itzultzen ari da. Euskal Herria, Espainia, Frantzia eta Portugaleko herri batzuetan itzuli da dagoeneko.
Ez dago argindarrik Euskal Herriko herri batzuetan, ezta Espainiko (Balear eta Kanariar Uharteetan izan ezik), Frantziako eta Portugaleko zonalde batzuetan ere. Gaur [apirilak 28] 12:30ean joan da argindarra. Hainbat zerbitzu bertan behera geratu dira eta komunikazio sareak ere eten dira. Lea-Artibai eskualdean eta Mutrikun daude arazorik gehien oraindik.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du, eta adierazi lanean ari direla argindar etenaldiaren jatorria zein den argitzeko: “Oraindik ez dugu informazio guztiz argigarririk, hobe da espekulaziorik ez egitea, baina guk ez dugu hipotesi bakar bat ere baztertzen”. Nabarmendu du ez dagoela segurtasun arazorik, eta osasun sistemak “ongi” funtzionatzen duela.
Herritarrei hiru gomendio egin dizkie: ahalik eta gutxien mugitzea autoz, informazio iturri ofizialak erabiltzea eta “modu arduratsuan” erabiltzea sakelako telefonoa —112 zenbakira behar denean soilik deituz, eta deiak ahal bezain laburrak eginez—. Espainiako Nazioaren Segurtasunerako Kontseiluak bigarren bilera eginen du 19:00etatik aurrera.
Oharrak
- Udaltzaingoak 24 orduko zerbitzua emango du.
- Larrialdiren bat izanez gero, deitu whatsappez Udaltzaingora: 669789159. Dei arruntek eta telefono finkoek ez dute funtzionatzen. Bestela, hurbildu Udaltzaingoaren bulegora.
- Informazio ofizial guztia Udaltzainen ibilgailuko bozgorailuetatik eta Udalaren whatsapp kanalaren bitartez emango da.
- Informazio berriren bat dagoen bakoitzea udaltzainek ere jakinaraziko dute bozgorailuetatik.
- Mesedez, ez zabaldu zurrumurrik edo kontrastatu gabeko informaziorik.
- Inguruan laguntza behar duen norbait badago, lagundu.