Musikaia Eguna herriko musika taldeekin ospatuko dute berriro
Joseba Irazokik ‘Gitarra lekeitioak’ deitutako diskaren aurkezpen kontzertua eskainiko du eguaztenean [apirilak 30].

Musikaia musika eskolak 11 urte betetzen ditu, eta urtero bezala, urteurren jaialdia antolatu du. Eguaztenean [apirilak 30] XI. Musikaia Eguna ospatuko dute. Iazko 10. urteurren borobilean Lekeitioko musika talde desberdinekin egindako ekintzek “harrera oso ona” izan zuenez, aurten ere errepikatzea erabaki dute.
“Iazkoa oso polita izan zenez, eta gure arteko erlazio onak mantendu eta estutzeko helburua bete zenez, aurten ere berdina egitea pentsatu dugu”, esan dute musika eskolatik. Horrenbestez, kalejiran zein emanaldian, Musikaiako ikasleez gain, Aittitta Makurra Txaranga, Aratuste Alai Estudiantina eta Itxaropena Txistulari Taldeko kideak ere arituko dira.
Eguaztenean [apirilak 30], 17:45ean aterako da kalejira musika eskolatik eta plazara arteko bidea osatuko dute elkarrekin. Ostean, emanaldi labur bat eskainiko dute parte hartzaileek eta merendola txiki baten ostean egitarauko ekimen nagusiari hasiera emango diote.
Aurten Lekeitiok 700 urte betetzen ditu eta urte osoan zehar herrian egiten ari diren ekintzekin bat egin du Musikaiak. Gauzak horrela, Joseba Irazokik ‘Gitarra lekeitioak’ deitutako diskaren aurkezpen kontzertua eskainiko du 19:15etik aurrera, Kontzejupean. Sarrera librea izango dela aurreratu dute. Horrez gain, eguaztenean eguraldi txarra egiten badu, esan dute ekintza guztiak merkatu plazan egingo dituztela.