"Aurreikuspen guztiak" gainditu ditu Memoria Jardunaldiak
Markina-Xemeingo Ahaztuen Oroimenak Memoria Jardunaldiak antolatu ditu, eta “sekulako erantzuna” eduki du. Lehenengo egunean 45 lagun elkartu dira, eta bigarrenean, 50etik gora.

Markina-Xemeingo Ahaztuen Oroimena taldearen ekimenez, Memoria Jardunaldiak ospatu zituzten joan den asteburuan. Barikuan eta zapatuan [apirilak 25 eta 26] Markina, Xemein eta Etxebarriako bonbardaketez gain, Munitibarko eta Gernikako bonbardaketak ere gogoan izan zituzten. Antolatzaileek adierazi dutenez, “aurreikuspen guztiak gainditu” dituen jardunaldiak izan dira: “Sekulako erantzuna izan du jardunaldiak. Lehenengo egunean 45 lagun inguru etorri ziren, eta bigarrenean, 50etik gora. Jendea oso interesatuta ikusi dugu”.
Barikuan [apirilak 25] Gernikako bonbardaketa izan zuten hizpide. Xabin Ibazeta Lertxundik eta Gernika Memoriaren Lekuko elkarteak Gernika: laborategi esperimentala unitate didaktikoa aurkeztu zuten: “Unitate didaktikoa zertarako sortu zuten eta zelan azaldu ziguten. Ikasleei interesa sortzeko helburuz sortu dute dena. Horren aurretik, Gernika Memoriaren Lekuko batzordekoek euren jarduna azaldu ziguten”.
Zapatuan [apirilak 26], ostera, hitzordu bikoitza izan zuten. Eguerdian udaletxeko osoko bilkura aretoan elkartu ziren partaideak, eta Josu Santamarina Otaola idazleak haren azken liburuaren berri eman zuen. Euzkadi en ruinas. Arqueologia de la Guerra Civil en el Pais Vasco (1936-1948) liburua hizpide, Markina-Xemein eta inguruetan egindako lanen berri eman zuen Santamarinak. Erantzun “oso ona” eduki zuen liburuaren aurkezpenak ere: “Itzelezko interesa sortu zuen bertaratutakoen artean, harrituta geratu ginen. 24 liburu saldu zituen Josuk. Jendearen iritziak jaso ditugu, eta denak oso gustura daude aurkezpenagaz”.
Jardunaldiekin amaitzeko, 18:00etan Llach: la revolta permanent dokumentalaren emanaldia eskaini zuten, eta ostean, Martxoak 3 elkarteko Julen Diaz de Argotek hainbat azalpen eman zituen: “Jendeari asko gustatu zitzaizkion arratsaldeko ekitaldiak. Dokumentalaren emanaldia askorentzat harrigarria izan zen. Julenek elkartearen jardueren berri emateaz gain, euren erronkak zeintzuk dire ere azaldu zituen”. Hala, aurtengoagaz amaituta, datorren urtean ere antolatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek.